Hauteskundeetako programetan egon behar duten "gutxieneko bost neurri"

uriola.eus 2016ko eka. 14a, 09:41

Etxegabetzeen aurkako Bizkaiko PAH plataformak Salbe zubian eta Zubi Zurin pankarta bana jarri du hauteskunde kanpainan murgilduta dauden alderdiei zuzenduta. "Hipoteka arazoengatik bazterketa egoera larrian dauden familientzako gutxieneko bost eskakizun" bere egiteko eskatzen die plataformak. 

Bost eskakizun zehatz dira: atzeraeraginez zorra kitatzeko etxea ordainetan ematea, bidezko alokairuak ezartzea, kaleratzeak gelditzea, etxebizitza sozialak sustatzea eta etxebizitzetako horniketa bermatzea. Bost neurri hauek aintzat hartuko dituen araudia aldarrikatzen du Bizkaiko PAH plataformak, "Estatuan milaka familiek pairatzen duten etxebizitza eta energia-pobrezia arazoei irtenbidea emateko".

"Gutxieneko" neurriak dira plataformaren aburuz. "Funtsezkoak" egoera larrian dauden familientzat. Horregatik eskatu diete hauteskunde kanpainan ari diren alderdi politikoei "euren programen barne egon behar dutela".

Estatuko beste hiri batzutan ere antzeko ekimenak burutu dituzte kaleratzeen aurkako plataformek. 

#Las5deLaPah

kaleratzerikez.net