Hiriaren 716. urteurreko ospakizunetan "benetako parte-hartzea bermatzeko" eskatu diote Udalari zenbait alderdik

uriola.eus 2016ko eka. 15a, 12:47

Bilboko bandera altxatzeko ekitaldiko une bat gaur eguerdian

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Udal Korporazioko kideek Bilboko bandera igotzeko ekitaldian parte hartu dute gaur, On Diego Lopez Harokoak hiria sortu zueneko 716. urteurrenean. Tartean, EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok hiriaren urteurren ospakizunak adosteko prozesu parte-hartzaile "serio" eta "erreal" bat eskatu dute.

1300. urteko ekainaren 15ean On Diego Lopez Harokoak emandako hiri-gutunarekin sortu zen Bilbo, eta hori dela eta, Udal Korporazioak Bilboko bandera altxatzeko ekitaldian edota On Diego Lopez Harokoa omentzeko lore eskaintza ekitaldi ofizialetan parte hartu ohi du urtero.

Udalean ordezkaritza duten oposizioko zenbait alderdi politikoren arabera hiriaren urteurrenarekin zerikusia duten ekitaldiak zerotik "diseinatu, eztabaidatu eta adostu" behar dira, eta horrela adierazi dute EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok. Hau da, "zer nolako ospakizunak egin behar diren eta noiz eta nor omendu behar den adostea ekitaldietan herritarrak izan daitezen protagonistak eta ez politikariak".

Ekitaldi hau, Bilboko Udalak herritarrak ospakizunetan "parte hartu eta disfrutatzera animatzeko" prestatu duen Hiriaren Astea egitarauaren barruan antolatu da. EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbaoren ustez aldiz, Udal Gobernuak "ez du burutu egin beharreko lana". Hiru taldeek gogorarazi diote Aburtoren gobernuari joan den iraileko Udalbatzarrean ekiltadiei "izaera herritarragoa" emateko beharraz hitz egin zela. Alderdiek adierazi bezala, "Udal Gobernuak ez du ezer egin".

 

Ekitaldi gehiago

Urteurrenaren harira Udalak doako bisita gidatuak antolatu ditu Udaletxean, baita parte hartzeko musika-emanaldiak ere. Besteak beste, 19:00etan, Udal Txistulari Bandak parte-hartze kontzertua eskainiko du Areatzako Kioskoan, eta bertaratutakoak kantatzera anima daitezen, kantu ezagunen hitzak dituzten esku-programak banatuko dira.

Bestalde, Hiriaren Astearekin batera Udalak beste ekitaldi instituzional batzuk eman ditu aditzera: bihar, hilak 16, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunari harrera egingo zaio; larunbatean, hilak 18, Gau Zuria egitarauaren orain arteko "ediziorik parte-hartzaile eta interaktiboena" egingo da, eta igandean, hilak 19, hiriaren sortzailearen estatuaren aurrean eta Plaza Biribilera hurbiltzen diren bilbotar guztiekin batera lore eskaintza herritarra izango da.

EH Bilduk, Udalberrik eta eta Goazen Bilbaok iragarritakoaren arabera, "parte-hartzeartzailea ez den politika bat ez legitimatzeko", ez dute parte hartuko igande honetako “agintarien aurkezpen-paseoan”.