Zezenketen kontrako manifestazioak jendez beteko ditu Bilboko kaleak bihar

uriola.eus 2016ko eka. 17a, 10:41

Bilboko Piztiak konpartsa animalistako kideek, beste zenbait elkarterekin batera zezenketen kontrako manifestaziorako deia egin dute biharko, hilaren 18an, larunbata. Martxa 19:00etan abiatuko da Moyua plazatik. 

Aurrteko astean egin zuten prentsaurrekoa Piztiak konpartsako kideek Bilboko Udaletxean larunbateko manifestazioari begira euren aldarrikapena publikoki irakurriz. Bertan, adierazpena sinatzen duten erakunde guztiek Bilbon egin diren eta egingo diren ikuskizunetan erabiliko diren animalien "egoera larria" salatu zuten. Batik bat, ganadutegitik irteten direnetik plazan hiltzen diren arte zezenek sentitzen duten "beldurra eta estresa".

Izan ere, ikuskizunak askotan eten egiten dira animaliak "zutik mantendu ezin direlako". Adibide modura, konpartsako kideek 2015eko abuztuko azken zezenketan gertatutakoa ekarri zuten gogora bideo baten bidez. Bertan, animaliak hanka apurtu zuen, eta zezenketarekin jarraitu ezinean, toreroak behin eta berriro zaztatu zuen aizto batekin buruan, zezenaren heriotza lortu arte. 

Gauzak horrela, adierazpena sinatu duten erakunde eta taldeek "festak horren modu krudelean bizitzearen debekatzea" eskatu zuten, eta bide batez "jaiak odolez eta sufrimenduz janztea" ekiditeko neurriak hartzea eskatu zieten udal ordezkariei. 

Manifestazioaren sustatzaileak; Piztiak Konpartsa Animalista, PACMA alderdi animalista, Anima Naturalis nazioarteko erakundea, Udalberri (Equo, Ahal Dugu Podemos eta Ezker Anitzak osatuta), Ganemos Goazen Bilbao, Tortura ez da kultura plataforma, Animal Guardians eta Nazioarteko CAS erakundea dira. 

Atxikipena eman duten erakundeak aldiz; EHBildu, Atea animaliekiko tratu etiko baten aldeko elkartea, Bizkaiko zezenketen aurkako talde animalista, Ekologistak Martxan, Askekintza, Okupa Tordesillas, Avatma albaitarien elkartea eta Gladiadores por la Paz.

 

[2016/05/27] Zezenketen gaineko kontsultarik ez da egingo Bilbon

[2015/08/24] Bilboko Aste Nagusiko zezenketak auzitan: publiko gutxi, gastu handia