Ostiralerako, ideia eta proiektuen ekarpenak egiteko azken egunerako bi egun falta zirela -epea ekainaren 1ean hasi zen- 158 proposamen heldu ziren, horietatik 132 banakakoek aurkeztuta eta beste 26 elkarteetatik jasota. Hiritarren Arreta, Parte-hartze eta Barrutien Sailburua den Gotzone Zaldunbideren iritziz "oso kopuru handia honako ekimena lehendabizikoz abiarazi dela kontuan hartuta".
Halaber, 158 proposamenetatik, 147 webgunearen bidez heldu ziren eta gainerakoak udal erregistrotik. Behin-behineko datuak izan arren, lehenengo balorazioa "oso baikorra" da, bai banakako proiektu asko ekartzeagatik, bai horiek bidaltzeko webguneaz baliatzeagatik. Balorazio baikor hori jasotako ideien edukiari ere dagokio, izan ere, "udal sailek sakontasunez aztertu behar izango duten arren, ondo argudiatutako arrazoizko proiektu serioak direla ematen du begibistan, eta horrek esan nahi du herritarrek honako prozesu hau ardura handiaz hartu dutela".
Aurkeztutako proiektuen gaiak ere askotarikoak dira: zirkulazioa, kirola, gizarte-ekintza, kultura, euskara, irisgarritasuna, obrak auzoetan eta ekipamenduak.
Halaber, prozesu berri honetan aurkeztutako proposamenak -interes orokorrekoak, hiri osoarentzat edo barrutiarentzat- udal eskuduntzen barruko edozein jarduera-eremuri buruzkoak izan behar dira, baina, batez ere, Barrutietan egin beharreko hobekuntza-lan eta jarduerei buruzkoak, Auzokide Plana deritzonaren barruan berezko prozesu eta aurrekontua dutenak.
Honako ekimen guzti hauek ekainaren 29an argitaratuko dira Udal webgunan bertan (www.bilbao.eus), eta uztailaren 1ean Udal Sailek horiek aztertzeko eta lehenesteko etapari ekingo diote, 2017ko Aurrekontu Proiektuan sartu arte, Gobernu Batzordeak onartutakoan.
2 milioi eurorainoko proposamenak
Aurrekontu Parte-hartzailean berrikuntza ugari sartu dira. Horietako bat -beharbada garrantzizkoena, herritarrek proposamenak aurkezteko aukerarekin batera- Udalak lehendabiziko aldiz 2 milioi euro horretarako bideratzea da, Udalak urteko aurrekontuetan sartuko duena. Diru-kopuru horri Auzokide Plana programa ezagunaren 12 milioi euroko diru-kopurua gehitu behar diogu. Haren xedea auzoetan hobekuntza-lan eta -jarduerak planifikatzea, garatzea eta burutzea da, herritarrek nahiz eragile politiko eta sozialek Barrutiko Kontseiluen bitartez lehenetsitakoak.
Modalitate biekin, Bilboko Udalak Aurrekontu Parte-hartzailerako, guztira, 14 milioi euro bideratu ditu.