Eskotren Emakumezkoen Ligako hamabi estropadetan ere hartuko du parte datozen hileetan. Aipagarria da uztailaren 2an (zapatua) itsasadarrean jokatuko den Emakumeen Bilboko Ikurrina 2016. Deustu Arraun Taldeak antolatu du proba hori Bilboko Udalaren laguntzarekin.
16:30ean abiatuko da Udaletxearen aurreko nasatik. Estropada bi txandatan jokatuko da; lehenengoan 4 ontzi arituko dira eta bigarrenean, berriz, bost. Guztira 2.778 metroko ibilbidea izango dute. Ziaboga Pedro Arrupe zubiaren parean hartuko dute. Ondoren, ontziek helmugara itzuliko dira, hau da, Udaletxearen aurrera.
Proban Kantabriako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 9 tripulazio izango dira parte hartuko dutenak: Pasai Donibane; Orio; Hibaika; Getaria-Zarautz; Deustu-Bilbao; Hondarribia; Hernani; Donosti-Arraun Lagunak; eta Colindres.
Emakumezkoen Bilboko trainerua abian jarri izana eta Emakumeen Bilboko Ikurrinaren lehenengo edizioa antolatzea uriaren eta arraun-taldearen aldeko "apustu itxaropentsuak" dira, "urte biko lehorteari amaiera emango diona". Bizkaiko emakume arraunlariei probintziatik irten barik lehiatzeko aukera ematea da helburua. Proiektuak arreta berezia jartzen du oinarrizko kategorietan, errotuko den eskola sortzeko eta harrobi izan daitezen Kantauriko estropadetan aritzen diren Bizkaiko goi-mailako taldeentzat.
Orain arte
Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Deustu arraun-taldearen elkarlanari esker emakumezkoen Deustuko traineruak bost probetan parte hartu du: Bilbao Tecuni III. Gau-estropadan, Kaikuren traineru-jaitsieran -urtarrilean-, Orioko traineruen jaitsieran -otsailean-, Deustuko traineruen jaitsieran -martxoan- eta Mutrikuko estropadetan -ekainean-.
Deustu Arraun Taldea gizonezko eta emakumezko traineruarekin lehiatuko da denboraldi berrian