Mozal Legeetan "bi aipagarrienek" urtea bete dute gaur. Herritarren Segurtasunerako Legea eta Zigor Kodearen Erreforma 2015eko uztailaren 1ean sartu ziren indarrean, duela urtebete zehatz. Baina azken urteetan herritarren eskubide eta askatasunei zuzenean eragiten dieten arauen multzoa "dezente zabalagoa da", Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataforma osatzen duten kideen esanetan. Adibidetzat jarri dituzte 2015eko uztaila baino hilabete batzuk lehenago indarrean sartu ziren Segurtasun Pribatuaren Legea edota "isilpean daramaten" Erradikalizazio Biolentoaren Aurkako Borroka Plana; aurrerago Auzipetze Kriminalaren Lege berritua izena hartu duena.
Neurriok "herritarren protestak, pobrezia eta prekarietate egoerak zigortzeko helburuarekin formulatu" direla salatu du Maialen Iturregi plataformako eledunak. Ondorioz, "guztiok izan gaitezke susmagarri". Horretarako "nahikoa da polizia batek delitu bakar bat burutzeko arriskua ikustea, delitua bera gertatzeko beharrik gabe". Hartara, ez dira gertakariak soilik kriminalizatzen, "baita zenbait gizarte talde ere". Besteak beste, migranteak, aktibistak, baliabide gabeko pertsonak edota "horiei elkartasuna adierazten dien edozein pertsona".
Bizkaian, aurten, "gutxienez" 1.907 lagun zigortu ditu Ertzaintzak, datu ofizialen arabera, Herritarren Segurtasunerako Legea ezarri zaielako. Horietatik, 43 nahasmendu publikoagatik, 61 autoritateari erresistentzia egiteagatik, 66 higiezinen okupazioagatik edota 345 autoritateari errespetu faltagatik. Datu hauei Bizkaian diharduten gainerako poliziek jarritako zigorrak gehitu behar zaizkie.
Salbuespen-legeen ondorioak "ondo ezagutzen" dituen herri honetan, Maialen Iturregiren esanetan, "urte luzez izan gara herritarren erantzuna isilaraztea helburu zuten halako neurrien laborategia". Oztopoei aurre egin eta "autoritarismoa dantzatzeko", kolektibo sozial eta politikoek "inteligentzia eta zaintza kolektiboa" garatu dute. Jakitun dira protesta eskubidea eta burutzen dituzten egitasmo eta alternatibak Mozal Legeekin "errazago kriminalizatzen direla", eta horregatik dei egin dute "neurri bidegabe hauen aurrean beldurra galtzera eta desboditzera": "Kalea herritarron lekua da, bizilagunon arteko antolakuntza eta elkarlaguntzarako joerak biderkatzeko unea da. Ez bagara gu, nortzuk? Ez bada orain, noiz?", galdegin dute plataformako kideek.
Erakunde eta polizien konpromisoa
Eainaren 26ko hauteskundeen ondoren osatuko den Espainiako gobernu berriari "libertateak ukatzen dituzten" lege eta zigorren indargabetzea eskatuko die Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak. PP alderdiaren garaipenarekin, "zailagoa dela" zehaztu dute plataformako kideek. Indargabetze hori heltzen den bitartean, tokian tokiko instituzioei "bidegabeko lege hauek bertan behera uzteko eta intsumiso adierazteko" exijitu diete.
Eusko Legebiltzarrak, esaterako, eman du pausoa. "Ordezkaritza politikoaren gehiengoak, -Mozal- lege honen aurka egonik, lege hau ez aplikatzeko konpromisoa" hartu zuen joan den astean. Eusko Jaurlaritzaren konpromiso hori Ertzaintzaren eguneroko jardunean ziurtatzeko itxaropena agertu du plataformako David Gonzalezek. "Hori sinatu dute, ea benetan horrela den", adierazi du agerraldian.
Udaltzaingoak ere badu bere eskumena Mozal Legeen ezarpenean. Hori dela eta, plataformak udalez udal eskatuko du tokian tokiko Udaltzaingoaren konpromiso "publikoa" Mozal Legea ez ezartzeko.
[2016-06-27] Neurri bidegabeen aurrean beldurra galtzera eta desobeditzera dei egin dute
[2016-06-23] Mozal legeen lehen urteurrenean "lege bidegabeak desobeditzera" dei egin dute