Alvaro Vinuesa Gomez 38 urteko Bilboko bizilaguna lan-istripu baten ondorioz hil zen, Erandion, supermerkatu bat birmoldatzeko obretan. Bilboko Udalak, adierazpen instituzional bidez eskatu dio Osalani "beharrezkoak diren bitarteko guztiak erabil ditzala gertatutakoa argitzeko" eta "hartu beharreko neurriak hartzeko".
2016an Euskal Herrian lan istripuan hil den 29 pertsona da Alvaro. LAB sindikatuaren arabera kopuru horretan zenbatu gabe daude gaixotasun profesionalen ondorioz hildakoak. LABeko Ibon Zubielaren esanetan, "zifra beldurgarri eta onartezin hauek agerian uzten dute Euskal Herriko langileriak jasaten dituen lan baldintza prekarioak, eta gertaera hauek egoera horren isla bortitzena dira".
Alvaro Vinuesa "autonomo faltsu bezala lan egitera behartua egon da azken garaian", LABek salatu duenez.
Salaketarekin bat egin du CCOO sindikatuak. Osalani eta Ikuskaritzari "sakon eta zehatzak" izan daitezela exijituko die istripuaren arrazoiak argitzerako orduan.
CCOOren iritziz, lan istripuen arrazoietako bat "gehiegizko azpikontratazioa" da. Eredu hori "enpresa jakin batzuk" erabiltzen dutela salatu du sindikatuak, "kostuak eta arriskuak externalizatuz".
Plataforman harrapatuta
Erandioko Axpe auzoan kokatuta dagoen Lidl supermerkatuan gertatu zen joan den asteartean istripua. Lakuako Segurtasun Saileko iturriek Efe agentziari adierazi ziotenez, plataforma jasogailu batean harrapatuta geratu zen behargina. Aypro enpresa ari da Lidl supermerkatuan margoketa lanak egiten eta Ayprok azpikontratuta zuen, autonomo gisa, hildako langilea.
Bi istripu larri atzo
Atzo, ekainak 30, beste bi lan istripu larri izan ziren. Lehen istripua, goizaldean, Gasteizko Zorelor enpresan gertatu zen. Makina batek harrapatuta langileak anputazio bat jasan zuen. Bigarren ezbeharra Urnietan dagoen Esnelat enpresan izan zen, langilea altuera batetik erori zen, eta hil ala biziko egoeran aurkitzen da Donostiako ospitalean.
[2016-06-29] Bilboko gizon bat hil da Erandion lanean ari zela