Udalbatzak OHZ-IBI berria eta datorren urterako udal tasa eta zergen izozketa onartu ditu

uriola.eus 2016ko uzt. 1a, 06:30

Bilboko Udaleko Udalbatzak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) tasa berriak eta 2017ko udal zerga eta tasen izozketa onartzea erabaki du, Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako katastro-balioen %316ko eguneraketak herritarren poltsikoei ez eragiteko neurri zuzentzaileak tarteko direla. Hartara, ia zergadunen erdiek OHZ kuota txikiagoa ordainduko dute. 

Bizkaiko Foru Aldundiak katastro-balioak berrikusi –erakunde honi dagokio katastroaren gaineko eskumen osoa– eta Batzar Nagusiek OHZ eta Katastroari buruzko Foru Arau berriak onartu ondoren, % 316ko batez besteko gehikuntza gertatu da Bilboko higiezinen katastro-balioetan, mende erdi inguru baitzeramaten eguneratu gabe.

Hala ere, gehikuntza hori alde batera utzita, Bilboko Udalaren helburua ez da herritarren bizkarrera eramatea. Horretarako, zerga tasa baxuagoen bidez, neurri zuzentzaileak abiarazi ditu, batez ere etxebitzetan, hau da, herritarren gehiengoari eragiten dion erabileran.

Hortaz, Bilboko Udaleko Udalbatzak atzo onartu zuen Ondasun Higiezinen gaineko Zerga Arautzeko Ordenantza Fiskalaren helburua, katastro-balio handiagoa dutenek OHZ gehiago ordaintzea da.

 

 

Ezarriko diren tasak

Tasa Orokorra (etxebizitzetarako) eta erabileren araberako (komertziala, industriala eta gainerakoak) Tasa Bereiziak, herritarrek ordaintzen dituzten ordainagirien %97ri ezarriko zaizkienak.

Gehitutako Tasak katastro-balio handiagoa duten hizieginetan aplikatuko dena. (ordainagiri guztien %3).

Tasa Orokorra eta Gehitutako Tasa berriak aplikatu ondoren, etxebizitzako erabileran (ordainagirien %87,5) diru-bilketa %1,95 gutxituko da, batez beste.

Etxebizitzako erabileran –hauxe da zergadun gehien biltzen duena (ordainagirien % 87,5)–, zergadunen %51ri OHZ kuota jaitsiko zaio eta %49ri igo. Dirutan, ordainagirien %23ren igoera 20 euro baino gutxiagokoa izango litzateke, %19rena 20 eta 60 euro bitartekoa, eta %7k baino ez lukete izango 60 eurotik gorako gehikuntza.

Tasa berriak aplikatuta, OHZaren 2017ko batez besteko diru-bilketa %4 gehituko litzateke 2016 urtearekin alderatuta, hau da, 2 milioi inguru euro gehiago.

 

Izozketa

Era berean, Bilboko Udaleko Udalbatzak argi berdea eman dio Gobernu Taldeak proposatutako udal tasa eta zergen izozketari, ekonomia suspertzeko azken urteotako hobari eta salbuespen fiskalak eta familia ugariei, adinekoei, gazteei, DBEren jasotzaileei, langabetuei, desgaitasuna duten pertsonei eta abarrei zuzendutako onura fiskalak beren horrexetan mantenduz (familia ugarientzako OHZ kuotaren gaineko onura izan ezik, Foru Arauak ezabatu baitu).

Udal tasa eta zergen izozketak funtsezko zerga hauei eragingo die, besteak beste: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga; Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga; Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko Zerga; Obren lizentzia-tasa; Establezimendu berriak irekitzeko lizentzia-tasa; Zaborren Tasa; Estolderia Tasa; Hileta-zerbitzuen Tasa; TAO eta Garabi zerbitzuen tasak; Bilbobusen zerbitzuen tasak; Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua.