Garellanoko geltoki intermodaleko zenbait xehetasun aurreratu ditu Udalak

uriola.eus 2016ko uzt. 6a, 09:19

Asier Abaunza eta Ricardo Barkala zinegotziak Garellanoko proiektuaren aurkezpenean

Plangintzarako Aholku Batzordean eman du Bilboko Udalak Garellanoko geltoki intermodala egongo den lurzatiaren antolamenduaren berri. Geltoki berriaren proiektua garatzeko betekizun urbanistikoetako bat da Plan Berezia onartzea. 

Bilbon lurpeko geltoki intermodal berria egongo da 2018ko lehenengo seihilekoan. Helmuga horretara heltzeko, Bilboko Udalak abenduan lanen esleipenarekin hasitako bidea burutu behar du, hainbat etapaz osatuta. Proiektua burutzeko Udalak erabilitako lehia-elkarrizketa prozesuarekin bat etorrita, obraren esleipen eta emakidaren ondoren, Hiri Antolamenduko Plan Berezia aurkeztea eta, ondoren, onartzea zen lehenengo pausua. Gardentasunari begira, Plangintzarako Bilboko Aholku Udal Batzordean Hiri Antolamenduko Plan Berezia aurkeztu zen atzo arratsaldez, Gobernu Batzordean onartu baino lehen egin beharreko pauso gisa.

Garellanoko Intermodalaren Plan Berezia betekizun urbanistikoa da, Hiri Antolamenduko Plan Nagusiarekin eta horretan egindako aldaketarekin bat etorrita, eta lurzatiaren garapen xehearen zehaztapen nagusiak agertu behar ditu.

 

Auzoa-Hiria binomioa

Garellanoko Intermodalak Basurtu-San Mames ingurunea aldatuko duten proiektuei jarraipena emango die. Intermodalarekin batera, izandako eraldakuntzaren beste adibide batzuk daude: San Mames estadio berria, Unibertsitatea, Basurtuko auzoaren bihotza, Sabino Arana eta Olabeagarentzako planak.

Horrela, proiektu hori auzoaren ikuspegiaren arabera egin da, eta lehentasunen artean, geltokiak lur gainean eta Luis Briñas kalean sortzen dituen eragozpenak gutxitzea jarri da. Udaren ostean hasiko da etorkizuneko plazaren diseinua zehazteko prozesu parte hartzailea.

Lurpeko geltoki intermodala funtsezkoa izango da Basurturen eta Bilboren garapenean zein etorkizunean. Lur gainetik eta Luis Briñas kalean autobusen joan-etorririk ez da egongo eta, hala, bertako trafikoa baino ez da ibiliko. Sarbidea Gurtubai kaletik izango du eta ingurunean izango dituen eraginak gutxituko ditu.

Gainera, 7.000 metro karratu liberatu ahal izango dira, bertan plaza bat ipintzeko. Espazio horri, Basurtuko Auzoaren Bihotzean, Sabino Aranatik Errekalderaino egindako jardueraren bidez sortu den aukerako 62.000 metro koadroko eremua gehitu behar zaio.

Une honetatik aurrera Gobernu Batzordean egingo da hasierako onarpena.

Jendaurreko informazio tramitea egingo da.

Alegazioak ebatzita, halakorik egonez gero, Udal osoko bilkuran behin betiko onartzea aurreikusten da.

 

Proiektuaren laburpena

Sarbideak

Autobusen irteera Perez Galdosetik Gurtubaira

Autobusen sarrera Gurtubaitik

Ibilgailuen irteera Gurtubaitik

Ibilgailuen sarrera Perez Galdosetik

Plaza

Oinezkoentzako zuzeneko sarbideak Perez Galdos eta Luis Briñas kaleetatik, espazio bakarra izango da.

Perez Galdos kalea oinezkoentzako eremua izango da Luis Briñas eta Gurtubai kaleen artean.

Eraikina, lur-arrasaren azpiko zatia

- 1. solairua, Autobus-geltokia

- 2. solairua, Autobus-geltokia

- 3. solairua, aparkalekua

- 4. solairua, Autobus-geltokia/aparkalekuak

Eraikina, lur-arrasaren gaineko zatia, 25.000 m2:

Behealdea, 700 m2, Geltokirako sarrera eta zerbitzuak

Lehenengo solairuan merkataritza eremua + gimnasioa egongo da.

Gainerako solairuak (2.etik 11.era Ikasle egoitza + Hotela)

 

Lehia-elkarrizketa eta udal zor bako 22.000.000 euroko inbertsioa

Udal geltokian eta aparkalekuan egingo den inbertsioa 22.000.000 eurotik gorakoa izango da baina hori Udalerako zorrik sortu barik egingo da Udalak sei enpresa-taldeekin izandako lehia-elkarrizketaren bidezko prozesuari esker eta Udalak obraren emakidari lagatako 5.000 m2ko eremuari esker. Horiekin Udalak dirurik inbertitu barik ekimen honi ekin ahal izan dio eta, hori da, hain zuzen ere, proiektuaren beste gakoetako bat.

Halaber, plazan eraikin bat egingo da, funtzio bikoitzarekin: autobus-geltokirako sarrera izatea eta hirugarren mailako erabilerak, hala nola, dendak edo taberna-jatetxeak.

Eraikina hainbat altueratan eraikita egongo da eta inguruneko eskaintza osatzeko balio izango duten zenbait jarduera izango ditu:

- Gertuko merkataritzarekin bateragarria izango diren saltokiak egongo dira.

- Gazteentzako eremua egongo da: egoitza bat da egongo da unibertsitateari eta ezagutzari lotutako ingurune batean. Era berean, bezeroak ekarriko dizkie auzoko saltoki eta hotelei.

- Kirolgune pribatua.

- Bilborentzako hotelen eskaintza handituko da garraioaren intermodalitatea errazten duen eta ondo komunikatuta dagoen ingurune horretan.