Istripua uztailaren 5ean gertatu zen Zorrotzaurren, atoia lotuta zeraman kamioi batek txirrindularia harrapatu zuenean. Txirrindularia Basurtuko Ospitalean artatu zuten hanketan zauriak zituela.
Udaltzaingoaren arabera, kamioia txirrindularia aurreratzean gertatu zen istripua. Kamioizalea txirrindularia saihesten ahalegindu bazen ere, lotuta zuen atoiak jo eta behera bota zuen txirrindularia.
Elkarretaratzea
"Txirrindulari baten istripuaren aurrean Bilboko kaleetan", Biziz Bizi Bilboko Hiri Txirrindularien Elkarteak protestarako deia egin du Udaletxearen aurrean gaur, osteguna, 19:00etatik 19:15era. "Txirrindulariok trafikoa gara" aldarrikatzea dute xede.
Aurrekaria
Ekainaren 1ean beste txirrindulari batek istripua izan zuen. Txirrindulariak eta Bilbobus batek elkar jo zuten Kale Nagusian. Hiru aste koman egon ondoren, txirrindularia hil egin zen. Orduan ere, Biziz Bizi elkarteak kontzentrazioa burutu zuen Udaletxean.