Udalbatzarraren Araudi Organikoa eguneratzea eta aldatzea erabaki du EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldeak, 2004tik aldatu gabe egon den testua gaurkotzea, alegia.
Ekarpen tekniko askorekin, Udalbatzaren jarduna aurrerantzean arautuko duen araudian azken legeen aldaketak kontutan hartu dira, batez ere, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea. Guztira, 76 artikulu aldatu dituzte, gehienak araudia legeetara eta ordenantzetara egokitzeko. Gobernu taldeak 39 proposamen onartu ditu. Horrela, atzoko aparteko Udalbatzan onartu zen behin betiko testua. Udal gobernuaren arabera, araudiaren ardatz nagusiak "partaidetza, gardentasuna eta argitaratzea" dira.
Berrikuntzen artean, batzarraldietan auzotarren, elkarteen eta entitateen parte hartzea "behin betiko arautu eta sendotzea" dago. Gobernuako kideek nabarmendu dutenez, "agintaldiaren hasieratik horri ekin zitzaion, nahiz eta araudian jasota ez egon". Aburto alkatearen ustetan "ekimen aurrendari batean, esperientzia nahikoa lortzea ahalbidetu digu eta horretan, hiriak ahotsa izan dezala nahi dugu".
Hemendik aurrera, Udalbatzaren bilkura bakoitzean herritarrek aurkeztutako hiru ekimenetaraino onartzeaz gain, -aurkezpenak egiteko bost minutuko tartea izango da eta dagokien zinegotziek ere erantzuteko aukera izango dute-, araudi berriak erantzuna emateko minutu biko txanda bat ere jasoko du.
Kritikak
Udalbatzarraren araudi berrian herritarren parte-hartzean "urrats gehiago" eman daitezkeela uste du EH Bilduk. Lander Etxebarria EH Bilduko bozeramailearen arabera, "ez du pauso bat haratago egiten. Ez du, adibidez, Gasteizen edo Barakaldon herritarrak Udalbatzarretan parte hartzeko euren araudietan duela urte asko jasota dituzten mekanismoak jaso".
"Pentsaezina da gaur onartu den araudiak benetako arazoei eta arazo arruntei orain arteko araudiak baino erantzun eraginkorragoak emateko balio ez izatea", zioen atzoko saioan Udalberriko eledun Carmen Muñozek. Udaleko bizimoduan "funtsezko tresna" denean eta "luze irauteko testua" denean.
Araudi berriari baiezko "kritikoa" eman dio Goazen Bilbaok. Francisco Samir Lahdou ordezkariaren esanetan, araudiak "argilunak" dituelako. Araudiaren inguruan izan diren eztabaidak eta akordio saiakerak baikorki baloratu dituen arren, "ez dugu lortu herritarrei lehentasuna ematea proposamenen eztabaidan, udalbatzako sesioak arintzea edota alkatearen erabateko boterea mugatzea kalitatezko botoarekin".
Pozik agertu da PP alderdia herritarren partaidetza "ofizialki arautzea" lortu delako Bilboko Udalbatzan. Popularrek kritikak ere izan dituzte Udal Gobernuarentzat, besteak beste, araudia berrikusteko helburuetako bat ez dela bete aipatu du Luis Egiluz bozeramaleak. Aburtok zuzentzen duen taldeak "ez du Udalbatzarraren araudian gehiegi sakondu nahi izan maratoiak beste luzatzen diren Udalbatzarretatik onura ateratzen duelako".
Hiriaren egoera eztabaidagai
Beste alde batetik, lehenengo aldiz abian jarri da hiriaren egoerari buruzko eztabaida. Urtean behin egingo da eztabaida hori, beti irailaren 30a baino lehen, udal hauteskundeak diren ekitaldietan izan ezik. Hiria zertan den zehaztu nahi da eztabaida horren bidez. "Funtsezkoa da udalean egiten den lana ebaluatzeko eta duen garrantzia agerian uzteko", Aburto udalburuaren hitzetan.
Halaber, Iradokizun eta Erreklamazioen Batzorde Bereziaren funtzioak handitu dira, hasiera-hasieratik izandako funtzioei beste batzuk gehitu zaizkie. Hauek, hain zuzen: Arartekoarekin harremanak izatea, udalbatzaren bilkuretan aurkezteko herritarrek egindako proposamenak aztertzea eta udalbatzaren erabakien jarraipena egitea.
Hamabi urtez Udalbatzako araudia aldatu gabe egon eta gero, araudi berri "hobea da, edukia gaurkotua duelako eta hori talde politiko guztiei esker lortu ahal izan da eta, beraz, pozik egon behar dute udalkideek aurrerantzean jarduteko araudi egokiagoa eta errealitatera egokituagoa izango dutelako", alkatearen iritziz.