Aurtengo edizioan Kolonbiako Medellin hiriak jaso du Lee Kuan Yew saria. 2010ean saria Bilbok irabazi zuela eta, gonbidatu gisa jardun du alkateak. Aburtok atzo hasierako txostenean aurreratutako lehentasunak berretsi ditu: "Ekonomiaren eraldaketan oinarritutako negozio-aukera berriak bilatzea inbertsioak, talentua eta berrikuntza erakarriz, eta Smart City-ak sustatuz". Alkatearen hitzetan, "arlo urbanistikoaren eta kulturalaren aldetik" Bilbo erakargarria da, eta erronkarik nagusienetakoa da "hori bezain erakargarri egitea hiria ekonomiaren aldetik". Horretarako, "inbertsioak eta talentua erakartzeko apustua" handitu egin behar dela esan du.
Bilboko udalburuak azaldu duenez, azken urte hauetako bideak "hiri-eraldaketaren arloan espezializatzera eraman gaitu", baina, "etorkizuneko beste faktore batzuk garatu behar ditugu", batez ere, ekonomia digitalari eta osasunari lotutakoak.
Arazoen eta erronken berri elkarri emateko balio du Singapur bezalako hiriak ezagutzeak eta beste hiri batzuen ekarpenen berri edukitzeak. World Cities Summit Mayors Forumen mundu osoko ehun hiritik gora daude ordezkatuta. Gaur egun eta etorkizunean hiriek dituzten edo edukiko dituzten erronkei aurre egiteko konponbide berriak eta joerak identifikatzen eta aztertzen jardutea dute helburutzat.
Hiria, teknologia eta esperimentazioa
Bilbok Smart City gisa duen posizioa "hobetu" behar duela adierazi du Aburtok, "hiri konponbide berriak eta konponbide teknologiko berriak esperimentatzeko".
Proiektu berrien artean, Zorrotzaurre eta Zorrotzako muturra azpimarratu ditu, "aukera-espazio handia" izango duten gune bezala. Zorrotzako muturra "industria-jarduera berriei" lotuta egongo da eta Zorrotzaurre, "bi edo hiru urte barru", "ekonomia digitalari lotu-lotuta". Zorrotzaurreko "puntu nagusia" hiriko parke teknologikoa izango delarik.
Erronka berriak: goiko auzoak eta abiadura handiko trena
Bilboko alkateak bere taldeak duen helburuetako bat aipatu du, hain zuzen, "goiko auzoetako aldeak eraberritzea". 1950eko eta 1960ko hamarkadetako etxebizitzak dira gehienak goiko auzoetan, eta "urrats bat eman behar da irisgarritasuna, energiaren aldetiko jasangarritasuna eta beste gauza asko lortzeko".
Azkenik, Aburtok Bilbora abiadura handiko trena lur azpitik heltzeko apustua nabarmendu du: "Horrek loturak hobetuko lituzke, espazio berriak sortzea ahalbidetuko luke eta auzoen arteko lotura hobetuko luke".
Harremanak enpresekin
Munduko Foroaren harira antolatutako erakusketan ere parte hartu dute Aburto alkateak eta Xabier Ochandiano Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak. Izan ere, Bilbok erakustokia du bertan Eusko Jaurlaritzako SPRIrekin lankidetzan.
Bilboko ordezkaritzaren agenda bete-betean Singapurren instalatutako zenbait enpresetara bisita egitea dago aurreikusita. Esate baterako, Digipen campusera. Singapurren bizi eta hango enpresa batzuetan lanean ari diren hamarren bat euskal gazterekin ere batzartuko dira.