Abiadura Handiko Trenaren kudeaketan izandako "iruzurra" eta "funts-desbideratzea" salatu dute

uriola.eus 2016ko uzt. 12a, 09:15

Argazkiak: @DLopategi

Fomentoko Ministerioaren menpe dagoen Adif enpresaren aurrean kontzentratu dira gaur goizean hainbat gizarte eragile Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza eragiten ari den "bidegabeko ebastea" antzezteko. 

'TAV= robo y corrupción. Zer duzue ezkutatzeko?' zioen pankarta zabaldu dute hainbat lagunek Espainian trenbide azpiegituren administrari den Adif enpresak Plaza Biribilean duen egoitzaren aurrean. Protestaldian zehar Abiadura Handiko Trenak (AHT-TAV) sortzen dituen "pobrezia" eta "murrizketak" salatu dituzte.

Besteak beste, Adif enpresaren aurkako operazioaren berri eman du ATH Elkarlanean taldeko kide batek gaurko agerraldian: "Duela egun gutxi batzuk, eta prentsaren bidez, jakin dugu Adifen egoitza ezberdinak, etxebizita batzuk, baita eraikuntza entrepresa batzuen instalazioak ere arakatzen aritu zirela. Aldi berean, 14 pertsona atxilotu zituztela ere. Oraingo honetan aztertutako funts-desbideratzea edo iruzurra 85 milioikoa izan da". 

Euskal Autonomia Erkidegoan

Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzak EAEn ere funts-desbideratzea izan duela adierazi dute kontzentrazioan. 'Euskal Y'-aren eraikuntzan, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako Gipuzkoako zatiak "bakarrik", "dagoeneko", 278 milioikoa funts-desbideratzea izan du.