100 eguneko greba irudikatzen duen erakusketa

uriola.eus 2016ko uzt. 12a, 12:26

Argazkia: ELA sindikatua

UTE TMB Arraizeko langileek 100 egun bete dituzte greban "prekaritatearen aurka eta lan-baldintzak duintzearen alde". Arratsaldean, hiru hilabetez luzatu diren mobilizazioetako argazkiak paratuko dituzte Foru Jauregiaren aurrean. 

Gaur, uztailak 12, 100 egun betetzen dira UTE TMB Arraizeko langileen greba hasi zenetik. Hori dela eta, ELA sindikatuak 100 egun greban izeneko erakusketa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean. "Erakusketa horretan hiru hilabeteetan zehar gauzatu diren mobilizazioei buruzko argazkiak eta irudiak ikusi ahal izango dira", Naroa Elortza ELAko kideak aurreratu duenez. Gaur inauguratuko da erakusketa 17:00etan, eta 20:00ak arte egongo da irekita.

Erakusketaren helburua Garbiker foru-sozietatearen menpeko tratamendu mekaniko/biologikoko lantegiko "127 langileen egoera jendaurrean ikusgai jartzea da". Horregatik kokatuko dute erakusketa Kale Nagusian, Foru Aldundiaren jauregiaren parean. 

Halaber, langileek, "lanpostuak duintzeko eta prekarietatea ezabatzeko", 100 eguneko greba honetan egindako erreibindikazioak entzun ahal izango dira. Besteak beste, UTE TMB Arraiz osatzen duten Sacyr eta Pabisa enpresen "jarrera" salatuko dute, izan ere, "enpresa horiek, Garbiker eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, ez dute ezertan laguntzen gatazkari konponbidea bilatzen".