Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak harrera egin diete Xakeko Grand Slameko Maisuen IX. Finaleko jokalariei, une honetako mundu mailako txapeldun Magnus Carlsen norvegiarra buru dela; Bilboko zita, kirol honetako nazioarteko egutegiko hitzordu nagusietako bat da.
Rankingeko lehenengo postuaren jabearekin batera, harrera ofizialean mundu mailako tituluaren lehian aurkari izango duen Serguei Kariakin errusiarra, iazko edizioko txapeldun Wesley So estatubatuarra, Herbehereetako Anish Giri eta Hikaru Nakamura estatubatuarra ere izan dira; azken hiruak mundu mailako sailkapeneko top ten delakoan daude. Eta maisu gazte handi hauekin batera, mundu mailako xakean hasten ari den izarra ere izan da Arabiar Aretoan: 16 urteko Yi Wei gazte txinatarra, dagoeneko irabazle olinpikoa eta absolutua bere herrialdean.
Udaleko lehen alkateorde Ricardo Barkalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek egin diete harrera Udaletxean Bilboko Xakeko Maisuen Finaleko sei lehiakideei; lehia asteazkenean hasiko da, hilak 13, eta uztailaren 23ra arte jokatuko da Campos Eliseos Antzokian.