Xakeko Grand Slameko Maisuen IX. Finala gaur arratsaldean hasiko da, Campos Eliseos Antzokian, 16:00etan. Hain zuzen ere, programatutako hamar jardunaldietatik lehena izango da; azkena, aldiz, hilaren 23an egingo da. Mundu mailan prestigio handienetariko txapelketa da, eta bertan kirol horretako munduko elitea lehiatzen da. Magnus Carlsen, munduko txapelduna, dago txapelketaren buruan. Faborito nagusiak munduko eliteari aurre egin beharko dio taula gainean, hots, bost maisu hauei: Serguei Kariakin errusiarra, Wesley So (iazko irabazlea) eta Hikaru Nakamura estatubatuarrak, Anish Giri holandarra eta izar berria, 16 urteko Yi Wei txinatarra.
Lehenengo jardunaldia hasi aurretik, inaugurazio-ekitaldi laburra egingo da, hamar bat minutukoa, eta bertan egongo dira erakundeen ordezkari gisa Oihane Agirregoitia, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi-ordezkaria eta Asier Alea, Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendari nagusia. Izan ere, haiek egingo dituzte Finaleko eta Villa de Bilbao Nazioarteko Irekiko ohorezko sakeak. Bertan, 120 xake-jokalari lehiatuko dira eta horiexek osatzen dute, hain zuzen ere, Bilbao Chessen aurtengo edizioa, jendeari irekitako doako ekitaldia.