Athletic, antropologia, euskal nortasuna, hungariarra… Nahasketa bitxia. Nolatan?
Nolatan heldu nintzen Bilbora? Bertsio luzea edo laburra entzun nahi duzu? (barreak)
Zeure esku.
Bertsio luzearen zati bat kontatuko dizut, nolatan heldu nintzen euskal ikasketara. Kasualitate hutsa izan zen. 2000tik 2004ra antropologia ikasi nuen Pennsylvaniako unibertsitate batean, Estatu Batuetan, eta beka bat jaso nuen saskibaloia ikertzeko eta praktikak egiteko beste beka bat irabazi nuen. 2004. urtean izan zen eta, kasualitatez, bekari esker Donostiara etorri nintzen hilabetez beste ikaskideekin etnografia- alorreko praktikak egitera. Kredituak ematen zizkiguten eta uda-ikastaro baten modukoa zen. Orduan egin nuen topo lehenengoz euskal kulturarekin. Ez nekien gaztelaniaz egiten, frantsesez bai ordea, eta behin baino gehiagotan Hendaiara joan nintzen elkarrizketak egitera. Hori guztia lizentzia garaian izan zen. Horren ostean, Central European Universityra joan nintzen, Budapesten dagoen unibertsitate estatubatuarra da, eta masterrean antropologia egitea erabaki nuen. Euskal kulturari buruz zeozer banekienez, euskal kultura eta euskal abertzaletasunari buruzko master lana egitea aukeratu nuen. Geroxeago, doktore-tesia egiteko asmoa eduki nuen. Ez nekien non egin nezakeen, baina Estatu Batuetan Euskal Ikasketa Zentroa dagoela nekien eta bertan ikasketak ingelesez egitea posiblea zenez, izena eman nuen eta hartu ninduten.
Zergatik aukeratu zenuen Athleticen gainean ikertzea?
2007an Renon nengoen eta doktore-tesiaren gaia hausnartzen nuen. Seihileko batez bueltak eman nizkion eta aukeratu behar nuen, premiazkoa zen. Gabonetan Hungariara itzuli nintzen eta lagun batzuekin parrandan atera nintzen. Goizeko hirurak izango ziren eta taberna batean nirekin zegoen lagun batek, filosofoa bera baina kirolzale amorratua, galdetu zidan tesiaren gaiaren inguruan. Nik ez nekien zer egingo nuen, gai baten bila nengoen orduan, eta lagunak komentatu zidan talde bat dagoela, Bilboko Athletic Kluba, euskal jokalariak baino ez dituena fitxatzen. Garai hartan ez nekien ezer futbolari buruz, ez nintzen batere futbolzale gainera, eta ez dakit zergatik baina Athletic ezagutzen nuen eta neure buruari esan nion “fitxaketa eredua nortasunari lotua dago” eta gogoeta egiten hasi nintzen “euskal jokalaria izatea”-ri buruz, non zeuden mugak, zein bilakaera izan zuen edo zer harreman mota zeukan Espainiako beste nortasun motekin. Ideia asko gustatu zitzaidan eta unibertsitatean aurkeztu behar nuen. Nik uste nuen Joseba Zulaikak, orduko zuzendariak, erantzungo zidala xelebrekeria zela eta bi gai proposatu nizkion. Nik Athleticen inguruan lan egin nahi nuen baina beste gai bat eraman nuen barregarri ez gelditzeko. Josebak erantzun zidan oso ideia ona zela, halako tesi bat egitea beharrezkoa zela eta aurrera eramatera animatu ninduen.
Eta Athleticek eta euskal nortasunak duten harremana ikertzen hasi zinen.
Renon egin nituen ikasketak eta 2010etik 2011ra Bilbora etorri nintzen urte eta erdi alorreko lana egitera. Halaber, 2009an hilabete bat egon nintzen Bilbon eta Errege Kopako finala bizi izan nuen, liburuan sarrera-kapitulua dena.
Nolakoa da harremana? Zer dute pareko?
Talde eta norbanakoen izaera da nortasuna. Neure ustez euskal nortasunak bi zutabe irmo ditu: antropologiatik datorrena eta diskurtso politikotik datorrena. Biak oso errotuta daude gizartean. Diskurtso hauen arabera, euskaldunok ez dira frantsesak edo espainolak, hizkuntza ez da indoeuroparra, oso ohitura ezberdinak dituzte, indigenak dira eta eboluzioa lurrari lotzen dute. Neure ustez diskurtso hauek zehazten dute euskal nortasunak bi mugarri finko dituela: ezberdintasuna eta tokiko eboluzioa edo eboluzioa lurrari eta sustraiei lotzea.
Argazkia: www.athletic-club.eus
Zer eragin dute Athleticengan? Izan ere, Athleticen sorreran zenbait ingelesek parte hartu zuten eta jokalari ugari ingelesak izan zirelako.
Ingelesek sortu zuten bai futbola bai Athletic. Hura gertatu zen futbola globala bihurtzen ari zenean, baina Athleticek tokikoa bihurtu zuen eta kutsu etnikoa eman zion euskal jokalariak bakarrik fitxatzea erabaki zuenean. Athleticen nortasunean nortasun politikoan edo antropologikoan dauden diskurtsoak errepikatzen dira: munduan bakarrak gara, ezberdinak gara, gure futbola ezberdina da, futbol modernoa ez dugu gustuko eta bere komertzializazioaren kontra gaude, eta geure erroak hemen daude. Goizean eman dudan berbaldian Santimamiñe koba aipatu dut, kasualitatez San Mamés euskaraz, eta sinbolikoki funtzio bera du: kobak islatzen du euskaldunon jatorria. Futbolera bueltatuz, Santimamiñe harrobiaren parekoa da. Bai koba bai harrobia nortasunaren “etxea” dira, Santimamiñek Cromagnonekin lotzen ditu euskaldunak, tokiko eboluzioa dutenak, eta Athleticentzat harrobiak funtzio berdina dauka: nortasuna ematen dio bere futbolari.
Paradoxikoa da filosofia Realak bultzatu izana, talde donostiarrak 1911an Athleticen hamaikako bat salatu zuen jokalari atzerritarrak zelairatzearren.
Realak Athletic salatu zuenean ez zegoen araudirik oraindik eta Kopa bat kendu zioten Athletici. Orduan, Athleticek erabaki zuen halako arazoak ekiditeko onena zela jokalari atzerritarrak berriro ez fitxatzea, baina 20. hamarkadan jarrera nahiko kontzientea dago, jokalari bizkaitarrak soilik fitxatzen bazituen ere. Euskal jokalariei 80. hamarkadan hedatzen hasi zen, gero eta jokalari gehiago Bizkaitik kanpo hazten baitziren
70. hamarkadan “Itzulera- operazioa” martxan jarri zuen Eguidazu presidenteak eta Bizkaitik kanpo jaiotako jokalariak fitxatu zituen, adibidez Txurruka, Irureta edo Lasa.
Bai, euskal hedadura 80. hamarkadan gertatu zen hein handi batean Espainiako trantsizioagatik. Orduan, politikoki apur bat askeagoak ziren eta hori nabarmena da Franco hil ostean euskal abertzaletasunak bere indarra berreskuratu zuelako. Askatasun handiagoa egon zen lurralde-nortasuna adierazteko orduan eta Athletic horretaz baliatu zen bere filosofia hedatzeko.
Dena den, Athleticzaleak politikoki anitzak dira eta zale asko ez dira euskaldunak ere.
Horri buruz ere berba egin dugu goizean. Galdetu didate zein den Athleticen irudia kanpoan. Agian pasatu naiz, baina oso irudi murriztua dute kanpoan, Athletic abertzaleen erreminta edo sinbolotzat hartzen baita, baina hori ez da horrela, ze Athletic transbertsala da oso. Hor dago Antonio Basagoitiren adibidea, orduko Alderdi Popularreko liderra. Elkarrizketa bat egin nion oso pertsona kuriosoa zela uste nuelako eta Athleticzale izateko arrazoi oso koherentea eman zidan: berarentzat taldea kohesio- erreminta bat da.
Luis María Ansónen adibidea ere hor dago. Kazetaria Athleticzalea da Athleticek 11 jokalari espainiarrak zelairatzen dituelako.
Hain malgua da nortasuna non era askotan uler daitekeen. Hamaika jokalari espainiar dituelako Athleticzalea den jendearekin berba egin dut eta errespetu handia merezi dute. Interpretazio asko ditu filosofiak, zuretzat euskaldunak dira eta besteentzat espainiarrak, euskaldunak ere bai, baina espainiarrak dira batez ere. Athleticentzat Bixente Lizarazu fitxatu izanak berebiziko garrantzia izan zuen. Aurkezpen distiratsua egin zioten sinbolikoki Iparraldea integratzea ekartzen zuelako. Halere, Madrileko jendearekin berba egin nuen, Athletic maite zutenak 11 jokalari espainiarrak zelairatzen dituelako, eta ez zitzaien batere gustatu frantses bat fitxatu izana. Beraz, bai, nortasuna malgua da, hainbat interpretazio ditu, ez dago odol konturik tartean eta ez da aldaezina.
Lizarazuk ez zuen partida asko jokatu. Egia esan, Aitor Larrazabalek aulkira bidali zuen.
Nik bere liburuaren pasarteak irakurri nituen eta neure ustez bera oso deseroso zegoen bere fitxaketa politizatu zutelako. Arrate presidentea zen garai hartan eta fitxaketa nabarmen politizatu zen. Athleticek ez zituen diskurtso horiek egin Athleticeko bazkideei begira; baizik eta euskal gizarteari begira bere kirol jardunaren bitartez.
Lizarazu, Javi Martínez, Ander Herrera edo Fernando Llorente Athleticetik joan ziren titulu bila. Athleticen filosofia oztopoa da lehian?
Bilbon askotan esaten zidaten “irabazi nahi badugu partidak galdu behar ditugu”. Taldeak munduko jokalari onenak eta bere golak sakrifikatu behar ditu, beraz partida gehiago galtzen ditu, ezin dituelako fitxatu. Dena den, partidak galdu behar dituzu komunitate trinkoagoa eta indartsuagoa osatzeko. Bilbon egon nintzen lehen egunean Athleticek 4-1 galdu zuen eta jendearen jarrerak zur eta lur utzi ninduen.
Neure ustez beste arrazoi batzuek eragina izan zuten egun hartan, 30 urte pasatu ostean final batera heldu izanak adibidez.
Bai, 30 urte finalik barik egoteak eragina izan zuen, bi urte geroago ez baitzen halakorik egon. Baina berdin dit, jende asko zegoen.
Zelan azaltzen duzu jarrera hori?
Athleticek golak eta partidak galdu behar ditu, nortasuna, tradizioa eta gozamenaren truke. Athleticzaleek asko gozatzen dute taldea nortasuna, komunitatea eta pasioa delako.
Beste gai bati helduz, berriki Emakundek ikerketa bat saritu du esaten duena futbolak maskulinitate eredu tradizionalak sustatzen dituela. Zer irudi dute emakumeek futbolean?
Nik hiru kapitulu idatzi ditut emakumeak futbolean duen rolari buruz. Futbola genero-harremanak islatzen eta eraikitzen dituen gizartearen esparru bat da. Futbolaren bidez emakumeak egun duen rola ikus dezakegu, zer egin dezakeen, zer ez, zer protagonismo maila ematen zaion. Liburuan hainbat garai aztertu ditut eta hainbat pertsonaia daude: idazleak (kazetariak), futbolzaleak, liderrak, jokalariak eta neska-lagunak. Neure ustez pertsonaia hauen bidez botere-harreman motak, femeninotasun, maskulinotasun eta sexualitatearen inguruko ideiak agertzen dira.
Sara Estévezen bizipenak kontatzen dituzu, adibidez.
Sara Estévezek kronikak idazten zituen, gizon batek irratian esaten zituenak, eta “Maratón” sinatzen zituen. Elkarrizketa egin nionean esan zidan ez zuela bereizketarik bizi izan. Berak lan egiten zuen, baina ez zituenez kronikak irakurtzen ezta sinatzen ere, inork ez zuen ezagutzen, are gutxiago kontuan hartzen badugu gizon batek esaten zituela bere kronikak. Normala zela esan zidan, ez zegoen batere haserre. Beste auzi bat izan zen “emakumeen appartheid” deritzona. Edurne Salsamendi izeneko emakume batek Athleticeko bazkidea izan nahi zuen eta taldeak ezetz erantzun zion, estatutuen arabera bazkide izateko gizona eta bazkide baten semea izatea beharrezkoa zelako. Berak gutun bat bidali zuen Hoja Oficial del Lunes egunkarira eta zalaparta handia sortu zuen. Orduan, talde pribatu baten auzi batek eztabaida soziala piztu zuen. Taldearen estatutuak aldatu behar zirela erabaki zuen Athelticek eta bazkide- asanbladak erabaki behar zuen, baina batzarrean gizonik baino ez zegoen eta Edurne Salsamendik ezin izan zuen bere iritzia bertan eman, bere senarrak bai, ordea. Salsamendiren auzian argi geratzen da frankismoaren eraginez emakumeak bigarren mailako herritarrak zirela eta senarrak emazteak kontrolpean zituen aitak zirela. Horrek argi eta garbi uzten du emakumeak oso protagonismo murriztua izan zuela. Futbola ikustera joan zitezkeen baina ezin zuten bazkide lez parte hartu ezta boto-eskubiderik izan ere. 1979an aldatu zen.
Zein da emakumeen taldeak duen rola? Berriki liga irabazi du eta Athleticek kritikak jaso ditu Gabarra ez ateratzearren. Zer balore mota islatzen du?
Espainian badago esaera bat “el fútbol femenino no es ni fútbol ni es femenino” (emakumeen futbola ez da futbola eta jokalariak ez dira emakume ere). Esaldiak emakume kirolariarekiko jarrera agerian uzten du: emakumea indartsu eta gihartsu bada ez da femeninoa. Emakumearen ikuspuntutik oso egoera deserosoa da ze femeninoa izan nahi badu ezin du kirolik egin. Bestalde, Gabarraren auzia oso kuriosa da. Ez dakit egun jokalariek zer iritzi duten baina elkarrizketatu nituenean beldur ziren ez ote ziren lotsagarri geldituko eta ez zuten Gabarra atera nahi. Neure ustez Bilbon, eta emakumeen futbolari buruzko kapitulua idatzi dut, jendea emakumeen futbola ikusteko gogotsu dago. Emakumeen taldeak San Mamés zelaia bete zuen, jendeak gogoa duela erakutsiz. Hura Europa osoan albiste izan zen. Neure iritziz ez dute asmatu Gabarra ez ateratzean, agian jokalarientzat erabaki txarra izan da ez eskatu izana. Ez dakit zeozer egin duten baina lehen saiakera bat egon zen. Dena den, neure ustez emakumeek San Mamés Barrian jokatu beharko lituzkete partida guztiak. Liburuko kapituluaren bukaeran hori proposatzen dut. Liburua idazten nuen bitartean, San Mames Barria eraikitzen ari ziren eta diru publiko asko erabili zen hura eraikitzeko eta gizon eta emakume askoren zergetatik dirua hartu da zelai bat eraikitzeko non emakumeek ez duten jokatzeko eskubiderik. Gainera, nik uste dut Gabarra ateratzea eraginkorra dela emakume futbola bultzatzeko, baina egunerokotasunean eragin behar da eta oso urrats sinbolikoa egingo lukete emakumeen taldeak partida guztiak San Mames Barrian jokatuko balitu. Ez dute zelaia beti beteko, baina ez du axola, Lezamara baino jende gehiago hurreratuko litzaketelako.
Athleticen emakume bat egon da agintean, Ana Urkijo, eta gero eta emakume gehiago dago bai zuzendaritza batzordean bai klubean lanean. Euskal gizartearen isla da?
Ez, nik uste dut Espainian ere gertatzen ari dela. Ana Urkijok oso istorio bitxia du, Athleticen agintean egon zen lehen emakumea da, Espainian bigarrena izanik. Behin, zuzendaritza batzordean zegoela, Zaragozara joan zen eta segurtasun- gizon batek esan zion ezin zela palkora sartu. Urkijok arrazoia galdetu eta hark palkora zuzendaritza-batzordekoak bakarrik sar zitezkeela ihardetsi zion. Halako iruzkinek erakusten dute jendeak barneratu duela zuzendaritza-batzordeko kideak gizonezkoak direla, baina egoera aldatzen ari da eta hori da funtsezkoa. Nik protagonistak izan ditut hizpide. Egoera iraultzeko aitzindariak beharrezkoak dira, pertsona ausartak, borrokarako prest daudenak.
Eta jokalarien neska-lagunak edo emazteen gainean zer iritzi dugu?
Deigarria egin zitzaidan 2010eko Munduko Futbol Txapelketari buruzko artikulu bat. Istorioa nahiko ezaguna da: Sara Carbonero Iker Casillasen bikotea zen, Hegoafrikan zegoen Tele5 katean lanean eta finalaren ostean elkarri eman zioten musuak finalaren laburpena baino ikustaldi gehiago izan zituen Youtuben. Munduko Txapelketa hartan Espainiak Suitzaren kontra galdu zuen lehen partida eta Espainian hasi baina mundu osora hedatu zen narratiba bat egon zen Sara Carbonerori Casillasen maila eskasa egozten ziona. Oso deigarria izan zen eta argi erakusten du zer pertzepzio dugun emakumearen sexualitateari buruz. Emakumea deabrua da eta bere sexualitateak indarrak kentzen dizkio gizonari. “Femme fatalen” (“Zorigaiztoko emakumea”) irudia da, bere maitaleari sexuaren bidez zorigaitza ekartzen diona eta bere bete-beharrei arreta galtzera bultzatzen duena. Narratiba hori Shakira edo Victoria Beckhamekin oso presente dago. Halako gertaerek ikuspegi zabalagoa ematen digute gizarte-pentsaera ulertzeko.
Argazkia: www.athletic-club.eus
2010eko Munduko Futbol Txapelketa, Espainia txapeldun eta Antonio Basagoitik San Mames eskaini zuen espainiar selekzioak partida bat joka zezan. Zer sinbolizatu zuen hark?
Espainiako futbol selekzioa espainolizatzeko erreminta da. Guztiok ondo dakigu nor izan zen Belauste, jakin badakigu abertzale sutsua zela eta abertzale izatearren erbesterako bidea hartu behar izan zuela. Oso ironikoa da baina bera da “Furia española” ("Grin espainiarra") -ren ikurra eta Espainiako selekzioaren historia aztertuz argi ikusten da narratiba espainolzale bultzatzeko gogoa, erregioetako nortasunak baztertzen dituena.
Egun ez du inork halakorik eskatzen, kasualitatea da?
Ez dute lortu?
Bai, Espainiak 2020ko Eurokoparako txartela eskuratuz gero, San Mamés Barrian jokatuko luke.
Agian horregatik ez dute berriz eskatu edo agian euskal gizarteak ez lukeelako onartuko. Egia da selekzioak porrot egiten badu zailagoa dela jendeak onartzea. Dena den, interesgarria da leku batek daukan balio sinbolikoa. San Mamés ia leku sakratua da eta batzuen ustez Espainiako selekzioak bertan jokatzea lekua profanatzea litzateke. Hori da halako erabakien atzetik dagoen arrazoibidea.