BBK Live Jaialdiak 19.499.334 euroko eragin ekonomikoa izan du hirian. Zifra horrek agerian uzten du jaialdiak uda garaian jarduera ekonomikoa sustatzeko duen gaitasuna. Publikoak berriro ere erantzun ona eman dio aire zabaleko musikarik onena eskaintzen duen hitzorduari; guztira 102.865 pertsona bildu dira Kobetamendiko zelaietan uztailaren 7an, 8an eta 9an. Bertaratzeari zein ekonomiari buruzko zifrak eta jaialdiak ostatuetan, ostalaritzan eta merkataritzan izan duen eragina ikusita Bilboko Udalak eta Last Tour enpresa sustatzaileak ekitaldiaren balorazio positiboa egin dute, Bilbao-Bizkaia marka nazioartean proiektatzeko eta lurraldean aberastasuna sortzeko gai den ekitaldi kulturala den aldetik.
Aurten ere, Kobetamendiko jaialdiaren antolatzaileek enpresa-makineria garrantzitsua jarri dute martxan. Bizkaiko enpresa askok parte hartu dute, guztiak ere oso sektore desberdinetakoak: logistika, hornikuntza, zerbitzuak, argiteria, soinua, ikus-entzunezkoa eta catering zerbitzuak. Hiriko eta lurraldeko enpresa-sarearen lehiakortasuna eta profesionaltasuna funtsezko oinarriak dira Bibao BBK Live Jaialdiaren oihartzuna eta erakargarritasuna dituen ekitaldi bat arrakastaz egiteko.
Europako zirkuituan erreferentzia bat
Rocka aire librean eskaintzen duen Bilboko hitzorduak Europako jaialdien zirkuituan erreferentzia izaten jarraitzen du, beste herrialde batzuetatik datozen pertsonen kopuruak agerian ipintzen duenez. Erresuma Batuko eta Frantziako gazteek urtero hitzordua dute Bilboko jaialdiarekin. Aurtengo edizioan bi herrialdeek publiko osoaren % 25,5 hartu dute: % 15,5 eta % 10 hurrenez hurren. Bizkaiko publikoak jaialdiari leial izaten jarraitzen du. Bizkaitarrak bertaratuen % 22,8 izan dira; beraz, aurten ere estatuko bertaratuen zerrendaburu da Bizkaia.
Madrilgo musikazaleek Bilboko jaialdiarekiko duten zaletasuna frogatu dute beste behin; izan ere, publiko osoaren % 11 izan dira. Publiko katalanak musika-hitzordu honen aldeko apustu berezia egin du: % 2,8 handitu da bertaratuen kopurua eta % 10,5eko bertaratze osoa lortu dute. Madrilgo eta Kataluniako pertsonen presentzia nabarmen azpimarratzekoa da, kontuan hartuta jaialdi kopuru handiak programatzen dituzten bi autonomia erkidego direla.
Gainerako autonomia erkidegoen artean honako hauek dira aipagarrienak, hurrenkera honetan: Valentzia (%2,8), Gaztela eta Leon (%2,7), Galizia (%2,4), Asturias (%2,3) eta Andaluzia (%2,2). Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoako eta Arabako zaletuen presentzia sendotu da; parte-hartzaile guztien %2,5 eta %2 izan dira, hurrenez hurren.
Jaialdia ez da soilik Kobetamendin gozatu ahal izan, hiriaren bihotzera era zabaldu da Bereziak zikloari esker. Ziklo horrek kontzertuak programatu ditu hiriko toki enblematikoetan, eta kontzertuek publikoaren jarraipen handia izan dute.
Hotelak eta ostatuak pozik
Kobetamendiko musika hitzordua gorriz markatuta dago hiriko hotelen eta ostatuen egutegietan. Bilbora jende asko hurbildu dela nabaritu da, eta uztailaren 7an, 8an eta 9an kopuru oso onak lortu dira: hoteletan %83ko okupazioa. Bilboko 25 hotel (2 eta 5 izar artekoak) biltzen dituen Destino Bilbao elkartearen ustez, "oso datu ona da". Hiriko hotelen arabera, musika-jaialdia "egutegiko klasiko" bat da, eta azpimarratu dute edizio honetan logelen batez bestekoak "hobera egin duela 2015. urtearekin alderatuta, nahiz eta iazkoa ere urte ona izan". Destino Bilbaok adierazi du "egonkortutako jaialdia" dela, zeinak uztailean hiria bisitatzeko erakargarritasuna handitzen duen. Hotelek ia erabat bete dituzte eskaintzen dituzten 700 plazak,% 98,8ko okupazioa lortu baitute.
Taberna eta jatetxeetan jende gehiago egon da
Jaialdia ospatzean, ostalaritza-sektoreari ere bultzada ematen zaio, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak jakinarazi duenez. Gainera, azaldu dute ekitaldia oso modu positiboan nabaritu dela sektorean. Taberna eta jatetxeen elkarteak nabarmendu du "jaialdiko eskumuturrekoak zeramatzaten bezero gehiago ikusi dituztela, eta hori salmentetan igarri da, bai barran, bai jatetxeetako mahaietan". Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen arabera, ekitaldiak izan duen oihartzunak zera berresten laguntzen duena arrazoietako bat da: "azken urteetan sektoreak izan duen ildo positiboa, egonkortzen ari dela dirudiena, eta zalantzarik gabe hiriarentzat eta ostalaritza-sektorearentzat albiste ona dena".
Merkataritzak hiriarentzako "bultzada ekonomikoa" nabarmendu du
Bilbao Dendak merkatarien elkarteak "Bilbao BBK Live Jaialdiaren gisako nazioarteko ekitaldiak ospatzeak eragiten duen bultzada ekonomikoa" nabarmendu du. Arduradunek aitortu dute epe laburreko eragina ostalaritzan gehiago nabaritzen dela, baina, hala ere, konfiantza dute, eta uste dute "jaialdiak hazteko indarra duela, eta tokiko merkataritzan gero eta eragin handiagoa izango duela". Merkatariek bene-benetan sinesten dute hiria bisitatzen duten pertsonak iritzi paregabearekin joaten direla; eta horrek hiriaren alde egingo du etorkizunean bisitatzeko toki bat aukeratu behar dutenean. Bilbao Dendak eskerrak eman nahi dizkio Bilboko Udalari, "mota honetako ekimenak sustatzen eta babesten dituelako; izan ere, tresnarik eraginkorrenetako bat dira hiria egonkortzeko eta Bilboren irudia eta marka mundu osoan sendotzeko".
Guztira, 4.700 pertsona baino gehiagok eskatu zuten turismo-informazioa
Turismo-arreta eskaintzeko tokietan, jarduera oso handia erregistratu da jaialdiaren egunetan. Hori horrela, uztailaren 7an, 8an eta 9an, guztira, 4.739 pertsonek jaso zuten arreta toki hauetan: Plaza Biribilerako Turismo Bulegoa, Guggenheim Museoko Turismo Bulegoa, Kobetamendin bertan jarritako turismo-arretarako tokia eta Elcano kalean dagoen itsas bidaiarientzako arreta-zentroa.
Beste aintzatespen bat Bilboko jaialdirako
Bilbao BBK Live Jaialdiaren ospeak beste aitorpen bat jaso du; izan ere, Fundación Contemporánea fundazioak urtero egiten duen Kulturaren Behatokiko “Kulturako Panoramaren Onena" atalean da. Entitate ezagun horrek kulturak estatuan duen egoeraren azterketa zehatza egiten du urtero, eta azken txostenean lehenengo aldiz sartu du Bilboko jaialdia 2015. urteko kultura-erakunde eta -gertakari garrantzitsuenen artean.