Bilboko Udalak gaur, Gobernu Batzordean, hasierako onarpena eman dio 1. Exekuzio Unitateko Urbanizazio Proiektuari, Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1 zenbakidun Jarduera Integratuaren barruan. Urbanizazio-proiektu horrek, 1. Exekuzio Unitate honetako espazio libre zein bide publikoei eta oinezko espazioei erreferentzia egiten diona, 389.654 m2-ko zabalera dauka. Estimatutako aurrekontua 70 milioi eurokoa da.
Oinezkoentzako eta ziklistentzako eremua
Zorrotzaurre, "batik bat", oinezkoentzako eta ziklistentzako eremua izango da urbazterretan Juan Maria Aburto alkateak gaurko aurkezpenean azaldu duenez. Oinezkoak eta ziklistak batera joango diren ibarreko pasealekuez gain, bidegorria egongo da Frank Gehry zubia erdiko etorbidearen bidez San Inaziokoarekin lotzeko.
Tranbia erdiko etorbidean zehar ibiliko da, Bilbobusekin bide-plataforma partekatuta, "garraio-sistema publikoa bermatzeko eta Bilboren gainerako auzoekin lotzeko", Aburtoren esanetan.
Exekuzio Unitate honen barnean hiru gune bereizten dira: Deustuko kanalaren eskumaldea, San Inaziotik Botika Zaharreraino doana, Hegoaldeko Muturra Artiachen erakin zaharreraino heltzen dena; eta Ipar Muturra, Udal garabiaren gordailutik Zorrotzaurreko amaierara doana.
Deustuko kanalaren eskumaldea: San Inazioaldea
Proiektuaren muga kanalaren eremurantz zabaltzen den Zarandoa etorbidearekin paraleloan dago, 20 metroko zabalera daukan pasealekua sortuta, maila bikoitzean: bata, kaiaren gaur egungo kotan, paseatzeko eta bertan geratzeko diseinatuta, uretarantz abiatutako espazioen bidez, baranda barik, portuaren iragana gogoan izateko, eta bestea, 1,5 metro gorago, egoteko asmatuta eta zuhaitzez hornituta.
Eskumaldeaz gain, Deustuko Kanalak San Inazioren aldean hurrengo elementu nagusiak izango ditu:
- Elorrietako biribilgunearen eta Idomeko eraikinaren arteko pasealekua, 520 metroko luzeraduna eta 10 metroko zabalerarekin. Zarandoa etorbidera jotzen duen aldea landareez hornituta eta apur bat gorago dagoenez, ibilgailuen joan-etorriek eragindako zaratatik babestuko du.
- San Inazio plaza. 5.000 m2 baino gehiagoko plaza sortuko da, umeentzako jolasekin, estalitako hiru espazioz osatuta, eguraldiaren gorabeheretatik babestuta egoteko.
- Sarriko azpiko rokodromo txikia, dauden horma eta altuera-aldea aprobetxatuta.
Elorrietako kurbaren ondoan, gaur egun euri-urak ateratzeko arazoak daude itsasgoran, urbanizazio-kotak ur bizienak baino apur bat txikiagoak direlako. Arazo horien ondorioz, ur-poltsak sortzen dira bai galtzadan, bai paseatzeko eremuan. Arazo horiek hobetzeko eta arintzeko hormigoi armatuzko 1,5 metroko diametroa eta 350 metroko luzera dituen hodia proiektatu da, ura jasotzeko, grabitatearen bitartez irten ahal duen arte, behin marea jaitsita.
Enekuriko tunelen eta Euskaldunako biribilgunearen arteko bideak berrantolatzen dira, Olaeta Balletak kalea luzatuta. Hala, Morgan kalean zirkulazioa norabide bakarrekoa izango da eta Olaeta Balletak kale berria Bilboko erdigunearekin lotzeko erabiliko dute ibilgailuek.
Deustuko Erribera: Hegoaldeko Muturra
Eremu honetako alderdi nagusiak dauden etxebizitzen ingurunea oinezkoentzako eremu bihurtzea, Bilboko Zazpikaleren modura, eta Deustuko Erribera Artiach fabrikaraino -lehenengo fasean- oinezkoentzako pasealeku bilakatzea dira. Gainera, 1. Exekuzio Unitatearen zatia izan ez arren, Erriberaren eremuko hiriko azpiegiturak berritu eta osatuko dira dagoen azken etxebizitza-eraikineraino, Zorrotzaurreko Erriberan.
Bide-sarearen funtzionamendua eremu honetan begizta batez osatuta dago Frank Gehry zubitik berehala ateratzeko eta horretara sartzeko aukera eskainita.
Zorrotzaurreren inguruneko uholdeak gertatzeko aukeraren baldintzen arabera, irlaren sestra altxatu behar izateaz gain, Itsasadarraren urbazterraren ondoko eraikinetan uholderik ez dela egongo bermatu behar da.
Horretarako, URAk ezarritako baldintzei jarraiki, Deustuko Erribera kalearen albo batean babes-elementu bat ipiniko dute, gutxi gorabehera metro batekoa, uholdeen aurrean espazio hau babesteko. Gainera, itsasgorekin batera une jakinetan egon daitekeen euri-uren bolumena ateratzeko, ekaitzetarako 2.100 m3ko tanga bi diseinatu dira, aurreikusitako euri-ur guztia hartu eta itsasbeheran askatzeko. Hala, segurtasun-neurri gisa, tanga bakoitzerako ponpaketa-sistema bat ipiniko da, jasotako ura bultzatu ahal izateko, baita itsasgoraren kotaren gainetik ere.
Tanga hauek eraikitzearekin batera, jasotako euri-ura erabiliko da ura arazteko sistemaren barruan sartuta, ondoren berdeguneetako ureztaketan eta kaleak urez garbitzeko prozesuan erabili ahal izateko.
Zorrotzaurreko Erribera: Iparraldeko Muturra
Hegoaldeko Muturrarekin bezala, iparraldeko muturraren bide-sareak begizta baten modura funtzionatuko du, San Inazio irlarekin lotuko duen etorkizuneko zubian sartzea eta horretatik ateratzea erraztuta.
- Uhartea uholde-kotatik gora kokatzeko betetze-lanak. Eraikin berriak uholdeetatik libre egongo direla bermatzeko, gaur egun eremuak duen kota goratu egin beharko da, gutxienez 1,5 metrotik gorako betetze-lanak eginez.
- Saneamendurako ponpaketak. Zorrotzaurreko etorkizuneko uhartearen topografia berezia dela eta (2,5 km-ko luzera aldetik aldera, eta ia-ia erabat laua), Bilboko hiri-bilbean ohikoa ez den saneamendu-sistema egin beharko da bertan. Berezitasun horren ondorioz, eta hainbat saneamendu sistema aztertu ondoren, ur beltzak Ezkerraldean dagoen Nerbioi-Ibaizabaleko hodi-biltzailera bideratzeko ponpaketa-multzoa egitea erabaki da, udal teknikarien iritziarekin bat.
- Euri-ura bildu, biltegiratu eta berrerabiltzeko andelak. Deustuko ibar-ertzean dauden 2.100 m3-ko bi andelek eginkizun bikoitza izango dute. Egoera normalean, euri-ura tratatu, desinfektatu eta berriz erabiltzeko balio izango dute; eta uholdeak daudenean, berriz, ekaitz-tangatzat erabiliko dira, ebakuazio-ponpaketen laguntzarekin.
- Ibai-azpitik joango diren ainguratze-sistema bidezko bi hodi proiektatu dira, energia elektrikoko, saneamenduko eta ur-hornikuntzako sareak konektatzeko: bata uhartearen eta Olabeagaren artean egongo da, eta bestea uhartearen eta Zorrotzaren artean.
- Hiri-hondakin solidoen (HHS) bilketa pneumatikoa. Hiri-antolamenduko plangintza berezian zehaztutako ingurumen-iraunkortasunerako irizpideen artean dago Zorrotzaurreko uhartean hondakinen bilketa pneumatikoa egiteko sistema ezartzea, egunero zabor-kamioien joan-etorriak saihesteko asmoz. Sistemak, halaber, bilketa-zentralaren eraikina ere jasotzen du.
- LED bidezko argiteria. Eremu horretan LED teknologiako argiteria-sistema ezarriko da; izan ere, ohiko sistemak ezartzeko baino inbertsio handiagoa eskatu arren, hasierako inbertsio hori aise orekatuko da kontsumo elektrikoan eta ordezko piezetan aurreztuko denarekin.
1. Exekuzio Unitatea
Birpartzelazio-proiektua idazteaz arduratuko den Adostasun Batzordea 2013ko urriaren 15ean eratu zen, lehen exekuzio unitatea urbanizatzeko proiektua bultzatzeko asmoz.
Birpartzelazio-proiektu hori 2015eko abenduaren 16ko Gobernu Batzordeak onartu zuen. Ondoren, Adostasun-batzordeak 1. exekuzio unitatea urbanizatzeko proiektuaren hasierako onarpena eman eta jendaurrean agerrarazteko tramitea egin behar zuen. Eta, hain zuzen ere, gaur aurkeztu dute urbanizazio-proiektua.
Hona Adostasun-batzordea osatzen duten kideen zerrenda: alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Saila, Bilboko Udala eta EAEn etxebizitza babestuak sustatzeaz arduratzen den VISESA sozietate publikoa, eta, beste aldetik, erakunde publiko horiez gain, Promotora Inmobiliaria Margen Derecha SL eta Vicinay Cadenas SA sozietateak, bai eta beste jabe txiki batzuk ere. Guztien artean, 1. exekuzio unitateko lurzoru osoaren (389.654 m2.guztira) %80ren jabetza dute.
1. Exekuzio Unitateko datu teknikoak
Azalerak
- 1-EU guztira: 389.654 m2
- Eskumaldea: 107.593 m2
- Hegoaldeko Muturra: 151.210 m2
- Iparraldeko Muturra: 115.696 m2.
- San Inazio plaza: 5.250 m2
Luzerak:
- Bide arrunta (galtzadak): 6.220 ml
- Oinezkoentzako bideak: 1.540 ml.
- Itsasadar ondoko pasealekua (Itsasadarra eta Kanala): 4.135 ml.
- Elorrietako biribilgunetik Idomerainoko pasealekua: 520 ml.
- Tranbia: 1.015 ml.
Zuhaitz kopurua: 1.601 zuhaitz
Euri-uretarako andelak:
- Elorrieta: 620 m3
- Deustuko Erribera: 2.100 m3ko bi
Estimatutako aurrekontua: 70 milioi € inguru