Zirkulazio aldaketa ugari eragingo ditu Vueltak gaur eta bihar

uriola.eus 2016ko ira. 1a, 09:12

Argazkia: Vuelta a España ‏@lavuelta

La Vueltako 12. etapak Bilbo izango du helmuga gaur, irailak 1. Txirrindulariek hiriko zenbait barruti zeharkatu dituzte, eta bi aldiz igoko dute Elorritxueta mendia. Helmuga Kale Nagusiaren goiko aldean kokatuko da, Maria Diaz Haroko kalearen parean.

La Vueltako 12. etapa, Kantabriako Corrales de Buelna herritik irten eta 193,2 kilometroko ibilbidea osatu ostean, 16:00ak aldera sartuko da Bilbon, Zorrotza auzotik sartu ere. Txirrindulariek hiriko gunerik ezagunenak zeharkatuko dituzte (Jesusen Bihotza Plaza, Euskalduna Zubia, Unibertsitateen Etorbidea, Campo Volantin Pasealekua edota Moyua Plaza), hiriko eraikin bereizgarrienen ondoan igaroz: Euskalduna Jauregia, Deustuko Unibertsitatea eta Guggenheim Bilbao Museoa, besteak beste. Helmuga Kale Nagusiaren goiko aldean kokatuko da, Maria Diaz Haroko kalearen parean. 

Etapa amaitu ondoren, Bilboko Alkateak On Diego Lopez Haroko trofeoa emango dio 12. etaparen irabazleari, zeinek, bilbotarrek birziklatutako beiraz Ecovidriok landu duen garaikurra ere jasoko baitu.

Bilbora iritsi ondoren, 300 pertsona inguru arduratuko dira probaren hiri barruko segurtasunaz, Udaltzaingoa, udal sailetako profesionalak eta koordinazio arlokoarduradunak barne hartuta.  

Argazkia: Vuelta a España ‏@lavuelta

 

Zirkulazioan aldaketak

Aldaketa gehien Abandoko barrutian izango dira. Zirkulazio etenaldiak: Rekalde zumarkalean (15:30-18:30), Moyua plazatik Salbeko zubira eta ibilbide guztiko zeharkako kaleetako bidegurutzean; Kale Nagusian, Moyua plazatik Jesusen Bihotzeraino, 07:00etatik 24:00etara bitartean, gutxi gorabehera; Rodriguez Arias, Rekalde zumarkalearen eta Sabino Arana etorbidearen artean, 14:00etatik 18:45era bitartean, gutxi gorabehera.

Denbora horretan norbere autoa ez erabiltzea gomendatzen da, eta A8 autobidetik sartzea Zabalburu eta Juan de Garay kaletik.

Deustu eta Abando lotzeko bidea osasun eta larrialdietako zerbitzuek bakarrik erabil dezakete. Bide hori Mazarredo eta Euskadi plazatik egingo dute.

Inguru horretako garajeetako sarrera-irteeretan eta aparkalekuetan ere murrizketak egongo dira.

Uribarrin, Otxarkoagan eta Txurdinagan eta hiri erdialdean, Euskadi plazaren inguruan, 15:30etik 18:30etara bitartean, etenaldiak eta murrizketak egingo dira zirkulazioan.

[Oharra] Vueltak gaur eta bihar Bilbon eragingo dituen aldaketak ren bidez:  

 

Protesta

'Ikus gaitzatela! Euskal Herria aldarrikatu' lelopean, Sortu alderdiak protesta ekitaldia deitu du biharko, irailak 2, Bilboko Udaletxe aurrean 11:00etan. "Ikurrinak eta presoen aldeko ikurrak" eramateko deia zabaldu du sare sozialen bitartez. 

 

Bihar, irteera

Vueltako 13. etapa Bilbotik irtengo da bihar, irailak 2, Urdazubi- Dantxarinearako bidean. Vueltako etaparik luzeena da, 213 kilometrokoa Bilbotik Nafarroako Urdazubi herrira. 

Irteerako Arkua Erkoreka plazaren inguruan jarriko da. Karreristak 11:45ean irtetekoak dira, ibilbide honekin: Udaletxeko zubia, Uribitarte pasealekua, Abandoibarra, Jesusen Bihotza, Kale Nagusia, Moyua plaza, Rekalde, Salbeko zubia, Maurice Ravel, Zumalakarregi, Ibarsusi. 

Udaletxearen inguruetan, Ernesto Erkoreka plazatik aterako den pelotoiak trafikoan eraginak ekarriko ditu. Erkoreka plaza bera trafikorako itxita egingo da 10:00etatik 12:30era, gutxi gorabehera. Era berean itxiera honek eragina izango du Udaletxeko zubian, Campo Volantin, Zumalakarregi eta Buenos Aires inguruetan eta Bilbobuseko zenbait lineatan. 

Publizitateko karabana, berriz, Areatzako aparkalekutik irtengo da eta Zumalakarregi etorbidetik zuzenean irtengo da Bilbotik. 

Antolatzaileek eta Udaltzaingoak irteeraren ibilbideko kaleak eta kale horiekin bidegurutzea egiten dutenak itxiko dituzte, tropela pasatu ahala zabaltzeko.