Deustuko arraunlariak arratsaldean lehiatuko dira Kontxan

uriola.eus 2016ko ira. 1a, 09:00

Argazkia: www.donostiakultura.com

Kontxako Banderaren sailkatze estropadan parte hartuko dute Deustuko emakumeek 17:30etik aurrera eta gizonek 18:00etatik aurrera. 

Donostiako Estropadak–Kontxako IX. Bandera emakumezkoen modalitateko sailkapen-estropada erlojupeko modalitatean jokatuko da arratsaldeko 17:30ean. Finaleko estropadan parte hartuko duten zazpi tripulazioak zeintzuk izango diren erabakiko da gaurko hitzorduan 11 talderen artean. 11 horien artean daude Deustuko neskak "sorpresa" emateko prest. Finalean postua bermatuta duen tripulazioa Arraun Lagunak-Donostiako Berdintasuna emakumezkoen trainerua da.

 

Gizonak

Sailkapen-proban, hau ere erlojupekoa, 24 tripulaziok hartuko dute parte. Tartean dago Deustuko 'Tomatera'.  Bi luze eta ziaboga bakarreko eremuan nor baino bor arituko dira 18:00etatik aurrera. Hamar minutuko lana kanporantz, eta beste horrenbeste barrurantz osatu beharko dute. Zozketak erabakiko du traineruen ordena. Lehen zazpi bizkorrenek lortuko dute saria, irailaren 4 eta 11an, 2016ko Kontxako Banderan lehiatzea. 

Indarrez "justu samar" baina "ilusioz" iritsi dira Deustuko mutilak Kontxara. Izan ere, "nahiko etsituta" dago taldea uztailetik aurrera ez baitu esperotako maila ematea lortu. 

 

deustuarrauntaldea.com

www.donostiakultura.com