Milaka zaleren helmuga eta irteera

uriola.eus 2016ko ira. 2a, 10:46

Jens Keukeleire (Orica - BikeExchange) Bilboko helmugan - Argazkia: © Graham Watson / Unipublic

Jens Keukeleire flandiarra nagusitu zen sprintean Kale Nagusian amaitu zen La Vueltako atzoko etapan. Pello Bilbao izan zen lehen euskalduna helmugan; seigarren postuan sartu zen. Nairo Quintanak lider jarraitzen du sailkapen nagusian. Milaka izan ziren Bilboko kaleetan zein Vivero aldean pilatu ziren zaleak. Gaur, 11:45ean ekingo diote txirrindulariek 13. etapari, Udaletxeko zubitik hain zuzen ere. Trafikoan hainbat aldaketa eragingo ditu lasterketak. 

Vueltako 13. etapa orain arteko etaparik luzeena da, 213 kilometrokoa. Bilbo eta Nafarroako Urdazubi herria lotuko ditu.

Irteerako Arkua Erkoreka plazaren inguruan jarriko da. Karreristak 11:45ean irtetekoak dira, ibilbide honekin: Udaletxeko zubia, Uribitarte pasealekua, Abandoibarra, Jesusen Bihotza, Kale Nagusia, Moyua plaza, Rekalde, Salbeko zubia, Maurice Ravel, Zumalakarregi, Ibarsusi. 

Udaletxearen inguruetan, Ernesto Erkoreka plazatik aterako den pelotoiak trafikoan eraginak ekarriko ditu. Erkoreka plaza bera trafikorako itxita egingo da 10:00etatik 12:30era, gutxi gorabehera. Era berean itxiera honek eragina izango du Udaletxeko zubian, Campo Volantin, Zumalakarregi eta Buenos Aires inguruetan eta Bilbobuseko zenbait lineatan. 

Publizitateko karabana, berriz, Areatzako aparkalekutik irtengo da eta Zumalakarregi etorbidetik zuzenean irtengo da Bilbotik. 

Antolatzaileek eta Udaltzaingoak irteeraren ibilbideko kaleak eta kale horiekin bidegurutzea egiten dutenak itxiko dituzte, tropela pasatu ahala zabaltzeko.

 

Protestak

La Vueltaren presentzia baliatu zuten zenbait herritarrek atzokoan nork bere aldarrikapenak kaleratzeko. Zorrotzan hainbat auzotarrek "This is not Spain nor France!" zioten kartelak astindu zituzten txirrindulariak paretik pasatzean eta Guggenheim museo ondoan, berriz, greban dauden hezitzaile eta orientatzaileek euren lan egoeraren berri ematen zuten. 

Argazkiak: @Zorrotza @GuggenPrecario 

Gaur, irailak 2, 'Ikus gaitzatela! Euskal Herria aldarrikatu' lelopean, Sortu alderdiak protesta ekitaldia deitu du Bilboko Udaletxe aurrean 11:00etan. "Ikurrinak eta presoen aldeko ikurrak" eramateko deia zabaldu du sare sozialen bitartez. 

 

Bilbo Tourraren bila

La Vuelta Bilbora etortzea "arras positiboa" izan dela adierazi du Aburto alkateak, eta Tourraren etapa bat Bilbon egiteko interesa azaldu du.

Alkateak lan-bilera egin du gaur Udaletxean Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiarekin eta Javier Guillen La Vueltako zuzendariarekin. Topaketan, "oso balorazio positiboa" egin dute La Vueltako 12. eta 13. etapek Bilboko hirian izan duen eraginari buruz, antolaketari zein biztanleen arteko harrerari dagokienez. Bileran, bi aldeek interes bizia azaldu dute Bilbon Tourraren etapa bat egiteko aukerari buruz. 

Lehen elkarrizketa honetan, bi aldeak baikor azaldu dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste erakunde batzuekin batera lan egiteko konpromisoa berenganatu dute, datozen hilabeteotan "aukera hori esploratzeko" topaketa gehiago antolatzeko gogoa azalduz.  

Juan Mari Aburtoren arabera "oraingoan ere frogatuta geratu da Bilbok tamaina handiko ekitaldiak antolatu eta abian jartzeko duen ahalmena". Ahalmen hori, alkatearen esanetan, "begibistakoa izan da antolaketa mailan, premiazko operatibo guztiak martxan eta errendimendu betean daudela, nahiz eta etapa hau Aste Nagusia amaitu bezain laster etorri zaigun". Horren harira, Bilboko udalburuak eskerrak eta zorionak eman nahi izan dizkie antolaketan parte hartu duten profesional guztiei.

 

[2016-09-01] Zirkulazio aldaketa ugari eragingo ditu Vueltak gaur eta bihar