Aste Katalanaren egitarauaren barruan eta irailaren 11n ospatuko den Kataluniako Diada Nazionalerako motorrak berotzeko, Euskal Herriko Assemblea Nacional Catalanak (ANC) eta Gure Esku Dagok mahai ingurua antolatu dute gaur Bilbon 'Gure Esku Dago eta ANC: Konplizitateak gehituz erabakitzeko eskubidearen alde' izenpean.
Angel Oiarbidek, Gure Esku Dagoko bozeramaileak, eta Hadar Ayxandrik, ANCko idazkaritza nazionaleko kideak, hartuko dute parte mahai inguruan. Erabakitzeko eskubideaz eta Euskal Herrian abiatu den galdeketen olatuaz arituko dira, eta Katalunian nahiz Euskal Herrian erreferendum lotesleak antolatzeko aukeretan sakonduko dute, besteak beste. Hizlarien ostean eztabaida irekiko da eta galderentzako tarte bat egongo da ondoren. Ekitaldia gaztelaniaz izango da.
Eztabaidaren helburua da euskal herritarrekin sinergiak ahalbidetzea Kataluniako prozesu independentistaren inguruan, eta, era berean, Euskal Herriko komunitate katalana batzea Diadaren ekimenetan.
Mahai ingurua
'Gure Esku Dago eta ANC: Konplizitateak gehituz erabakitzeko eskubidearen alde' mahai ingurua gaur, hilak 8, izango da. Lehenik, 18:30ean, Angel Oiarbide (Gure Esku Dago-GED) eta Hadar Aixandri (ANC) hizlariei eta prentsari harrera egingo zaie eta, ondoren, 19:00etan eztabaidari hasiera emango zaio La Bolsa udaltegian (Pelota kalea 10).
Independentziari buruzko eztabaida mundu osora zabaltzen
ANC Biltzar Nazional Katalanak atzerrian dituen batzordeek antolatu dute mundu mailako Aste Katalana, beste hainbat erakunderekin elkarlanean, Katalunian nahiz atzerrian jarduten dutenekin. Aste Katalana mundu mailan egitasmoaren aurkezpen ofizialean Montse Dabanek, ANCko Nazioarteko Gertakarien Batzordeko koordinatzaileak, honakoa azpimarratu zuen: “Kataluniako gizartearen zati handi baten nahi eta desio politiko nahiz sozialen ikusgaitasunaren kalitatea eta inpaktua indartzen ditugu”.
Francesca Ferreresek, Atzerriko Batzordeen Kontseiluko koordinatzaileak, bi kontu azpimarratu zituen: hedabideek biltzarrarekiko eta haren jardunarekiko duten interesa, batetik, eta Diada katalanari nazioartean egiten zaion jarraipena, bestetik. Bestalde, nabarmendu zuen Catalan Week —Aste Katalana— delakoaren bidez “lehen aldiz” atzerriko batzordeen ekintzak ez direla izango Kataluniako Diadaren erreprodukzio hutsa, baizik eta “atzerriko batzordeek antolatutako ekintza sorta bat, nork bere herrialdeko komunitate katalanean pentsatuta antolatua”.
Aipatu aurkezpenean, hogeita hamar ekimen ingururen berri eman zuten: jardunaldiak, eztabaidak, ekintzak... Eta datorren astean burutuko dira guztiak, Diada egunaren aurreko astean, irailaren 4tik 11ra bitartean, nazioarteko puntu estrategiko hainbatetan.
ANC Biltzar Nazional Katalana gizarte zibileko erakundea da, 2012tik Kataluniako mugimendu independentista bultzatu duena oinarritik. Erakundea bera izan da 2012az geroztik manifestazio eta mobilizazio jendetsuak antolatu dituena, milioi bat eta erdi herritar baino gehiago eta euren aldarriak kalera atera dituena (Kataluniak 7 milioi biztanle ditu guztira) urtero irailaren 11an festa giroan eta modu baketsuan Kataluniako Diadaren bueltan. 2013an nazioartea indartzeko apustua egin zuen ANCk Nazioarteko Gertakarien Batzordearen eta atzerriko batzordeen bitartez, Katalunia eta prozesu independentista munduan zehar azaltzea helburu nagusitzat hartuta.
Atzerrian egingo diren ekitaldi nagusiak zazpi hiriburu nagusitan izango dira, hurrenez hurren: (irailak 4), Londres (irailak 5), Zurich (irailak 6), Madril (irailak 7), Bilbo (irailak 8), Roterdam (irailak 9) eta New York (irailak 10). Igandean, hilaren 11n, mundu osoan ospatuko da Diada.
Zazpi ekintza/gune nagusi horiez gain, beste hainbat batzordek ere euren egitarauak osatu dituzte Diadarako datorren asteari begira, Aste Katalana mundu osoan gizarteratzeko erronka indartuz. Ekintza horiek guztiak jarraitzeko aukera izango da catalanassembly.org/en webgunean eta atzerriko batzordeen nahiz @catalanassembly perfilaren sare sozialetan.