"Ohorea" izan da Koldo Serrarentzat bere bigarren film luzea Bilbon, Guggenheim museoan aurrestreinatzea. Ondo babestuta agertu zen atzoko premier ekitaldian. Filmeko protagonista nagusien rola jokatzen duten aktoreak bertan zeuden. Maria Valverde, Barbara Goenaga eta James d’Arcy. Aktoreen ondoan, erakundeetako ordezkariak, Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, besteak beste. Izan ere, filmeko eszena ugari errodatu dira bai Bilbon bai Bizkaian.
Atzoko ekitaldian, oroimen historikoan lanean ari diren taldeak "lehenengo momentutik baztertu" zirela salatu du Sare Antifaxistak. Ez horrela Mikel Ruedak zuzendutako Izarren argia filmean. "Euskal oroimen mugimenduarekin kontatu zuen" Ruedaren lantaldeak.
Harrera ona izan zuen 'Gernika'-k Guggenheimeko aretoa bete zuten ikusleen artean. Filmak eragindako "oilo ipurdi azala" eta "emozioak" azpimarratu dituzte, hurrenez hurren, Begoña Bergiristain kazetariak eta EUDELeko presidente Ibone Bengoetxeak.
Promozio astearen azken txanpan sartuta dago Koldo Serra. "Pott eginda" dagoela aitortu zuen, baina "ilusio handiarekin". Gaur Bartzelon aurrestreinatuko dute filma eta bihar, ostirala, estreinatuko da estatuko zine areto komertzialetan.