Estatu mailako arau berri batek Bilboren garapena "larriki kaltetzen" du Udalaren arabera

uriola.eus 2016ko ira. 8a, 09:10

Bilbo erdigunean emisio erradioelektrikoak egiaztatzeko estazio bat kokatuta dago. Estazio hori emisio erradioelektrikoetatik babesteko agindua "premiaz" deuseztatu edo alda dezala eskatu dio Udalak Industria Ministerioari, "Bilboko hirigintza-garapena larri kaltetzen duelako". 

Hain zuzen ere, IET/112/2016 Agindua deuseztatu edo alda dezala eskatu berri dio Bilboko Udalak Industria, Energia eta Turismo Ministerioari. Ministerioaren agindu hori uztailean jaulki zen, emisio erradioelektrikoen egiaztapen teknikorako estazioaren (CTER) babes erradioelektrikoa bermatzeko asmoz. Aipatutako estazioa Bizkaiko Telekomunikazioen Ikuskapenerako Probintzia Buruzagitzan kokatuta dago, Bilboko erdi-erdian, Kale Nagusiko 50ean, hain zuzen ere.

Agindu horrek, esparru erradioelektriko hori babesteko asmoz, hainbat murrizketa gaineratu ditu; horietako garrantzitsuena, estazioko antenetatik 1.000 metroko erradioan tentsio handiko sareak dituzten azpiegitura berrien sorrera edota erradio horretako eraikinen altueren mugapena da. Mugapen honen kariaz bidali da aipatutako idazkia Ministeriora, “Bilbori baino ez baitio eragiten, eta Udalari bereziki”, Asier Abaunza Hiri-Plangintzako zinegotziaren esanetan. 

Ezarritako mugapenak, agindua idatzita dagoen erara, “larri kaltetzen du hiriko hirigintza-garapena, ez soilik esparru zabal horretako etorkizuneko eraikinen altuera mugatzeagatik, baita proiektatuta dauden garraio-azpiegiturei ezartzen dien eragozpenagatik ere, Abiadura Handiko Trena, tranbia-sarearen amaiera edota Bilboko Metroaren 4. linea tarteko direla. Hauei guztiei, partikularren proiektuen gaineko ondorioak gaineratu behar zaizkie, eta Udalaren kezka horietara ere hedatzen da”. 

Zinegotziaren iritziz, hiriaren etorkizunari begira garrantzia “handi-handia” duten proiektu horiek guztiak bertan behera geratuko lirateke Ministerioaren aginduarekin. Era berean, Abaunzak gogoratu du, azpiegitura horietako asko beste Administrazio publiko batzuekin hitzartuta daudela (Abiadura Handiko Trena Estatuarekin eta trenbide-sarea Eusko Jaurlaritzarekin, kasu) eta dagozkien lurralde-antolamenduko tresnetan jasota daudela, hala nola, tramitazio-prozesuan “dezente” aurreratuta dagoen Plan Nagusia berrikusteko aurrerapenean.

 

Premiazko idazkia 

Hiriko hirigintza-garapenari buruzko kezkarekin batera, udal arduradunak uste du “prozeduraren arloko huts egite larria” egin dela, “Udalari aldez aurreko entzutea egiteko tramitea bertan behera eta arrazoirik gabe utziz. Garrantzia goreneko gai honetan, ulertezina da Udalak esparru honetan dituen eskumenei ezikusiarena egin izana”. 

Arrazoi horiek guztiak dira, Bilboko Udala Industria, Energia eta Turismo Ministerioari premiazko idazkia bidaltzera bultzatu dutenak, agindua indargabe dezala erregutuz, eta onartutako neurria berraztertu edota bi administrazioen interes publikoak aintzat hartuko dituen beste erabakiren bat har dezala eskatuz. “Azken batean, ezinbestekoa izango litzateke agindua aldatzea, hiriaren garapenaren gainean daukan eragin larria saihesteko”.