Irailaren 12an hiriko 8 barrutietako udaltegietan AurreraGuneetan (informazio-puntuak) hasiko da Bilbao Aurrerago! Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren Berrikuspenaren (HAPO) prozesuaren jarduera. AurreraGuneetan barrutirako eta hirirako egindako proposamenei buruzko ikus-entzunezkoak eta material grafikoa egongo dira. Zenbait langile egongo dira proposamenen berri izan nahi duten pertsonei eta herritarren partaidetzaren prozesuan parte hartu nahi dutenei laguntzeko. Bertatik bertara zein web bidez parte hartu ahalko dute herritarrek.
AurreraGuneeteako informazio-fasea Azkuna Zentroko Kulturen Atrioan izango den erakusketa batez amaituko da. Erakusketa urriaren 10etik 21era izango da eta hirirako zein barrutietarako dauden proposamenei buruzko informazioa eskainiko da.
HAPOren Aurrerapenerako egindako proposamen nagusiez Infobilbao monografiko bat egin eta horren 150.000 aleren banaketaren osagarria da informazio-fasea. Banatutako Infobilbao hori zabal daitekeen plano bat da, helburuen azalpena eta irizpideak dituena. Zenbaki horretan herritarrek parte hartzeko moduak ere azaltzen dira.
Infobilbao horrekin batera hiri guztian banatu dira web bidez zein bertatik bertara parte hartzeko interesa duten pertsonek informazio-buletin baten harpidetza egin ahal izateko inskripzio-orriak. Hasierako informazio-zabalkundearen osagarri etxebizitzen atarietan barruti bakoitzeko AurreraGuneen egutegia jasotzen duen oharra jarriko da.
Lan-taldeetan zuzeneko parte-hartzea
Barrutietako lan-taldeetan parte hartu ahal izateko nahitaezko baldintzak izango dira inskripzio-orria bete izana, web bidez (www.bilbao.eus/aurrerago/inscripcion/) edo inprimakia AurreraGune edo barrutietako bulegoren batera eramanda, HAPOri buruzko informazio-hitzaldi batera joatea, Bilbon erroldatuta egotea eta 16 urtetik gorakoa izatea. Web bidez soilik parte hartu nahi duten pertsonek orria beteta egin ahalko dute.
Lan-taldeetan Plan Orokor berrian hiri guztirako zein barrutietarako aurkeztutako proposamenez eztabaidatuko da. Parte-hartzaileak 320 izango dira. Euren izenean parte hartu gura duten pertsonen kopuruak barruti bakoitzerako jarritako kopurua gaindituz gero, gizarte osoa ordezkatuta egoteari begira, adina eta generoa kontuan hartuta, zozketa bat egingo da.
Lan-taldeetako saioak barrutietan izango dira azarotik otsailera bitartean. Lau saio izango dira guztira. Horietako bat HAPOri eta hirirako zein barrutirako proposamenei informazio orokorra emateko. Bi eztabaidatzeko izango dira, eta azkena mahaietan eta lan-taldeetan lortutako ondorioak jaso eta itzultzeko izango dena. Bilboko Herritarren Kontseiluan eta Plangintzarako Aholku Batzordean aurkeztuko da horren guztiaren txosten laburra.
Behin HAPOren Aurrerapenerako egindako ekarpenak jasota, jendaurrean egongo da hilabete biko epean, interesatutako eragileek eta herritar guztiek iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izateko. Epe hori iraganda, Bilboko Udalbatzarrak erabaki beharko du zeintzuk diren HAPO berria idazteko kontuan hartuko diren irizpideak, alternatibak eta proposamenak. Horren idazketa 2017tik aurrera izatea dago aurreikusita.
Proposamenak, hiria bereoneratzeko eta berritzeko eremuak, azpiegiturak eta berrurbanizazioak
Bilbao Aurrerago! Prozesuaren fase honetarako (HAPOren Aurrerapena) prestatutako agiriak proposamen berriak, hiria bereoneratzeko eta berritzeko eremuak, etorkizuneko garraio-azpiegiturak (bideak eta trenbideak) eta dauden azpiegituretan esku hartu ondoren urbanizatu beharreko guneak jasotzen ditu.
Proposamen multzo honen helburuak jarduera ekonomikoari, ekipamenduei eta hirigunearen kalitateari bultzada ematea da, auzoen arteko orekari eta kohesioari eutsita.
Proposamen berrien eremuaren barruan Abando, Olabeagako, Elorrietako, Errekalde-Ametzolako eta Iralako geltokiak nabarmentzen dira, baita Artxandako erdigunea eta Errekalden A8 errepidean libre geratu den aldea. Atxuriko erriberako jarduketak, Deustuko campusa handitzea eta itsasadarreko igerilekuak ere nabarmendu beharreko jarduketak dira.
Agirian hiria bereoneratzeko eta berritzeko eremuen lehenengo zerrenda bat ere jasotzen da: Peñascal, Betolatza, Altamira, Zurbaranbarri, Mintegitxueta eta Masustegi.
Etorkizuneko garraio-azpiegiturak ere identifikatuta daude. Bideei dagokienez, A8 errepidearen saihesbidea Errekalden, Deustuko tunela, Ekialdeko saihesbidearen amaiera, Ametzola-Miribillako tunela eta Egirleta hobetzeko tunela. Trenbideei dagokienez, FEVEren trenbidea lur azpitik sartzea Zorrotzan, AHT Bilbora heltzea, Bilboko metroaren 3. eta 4. lineak, tranbiaren sarea handitzea eta trenbidearen hegoaldeko saihesbidea.
Azkenik, agiriak jasotzen ditu azpiegiturek okupatuta egon ziren lurrak berriro urbanizatzeko espazioak, Iralan FEVEren trenbidea lur azpitik sartzea, Deustuko Euskotrenen trenbide zaharra eta trafiko-mota guztiak baretuta hobekuntza Agirre Lehendakariaren etorbidean; Miraflores eta Bilbo-Galdakao errepideranzko haren jarraipena.
AurreraGuneetako egutegia
1. barrutia (Deustu)
Deustuko Barrutiko Udaltegian (Agirre Lehendakariaren etorbidea, 42) irailaren 12tik 23ra.
Arangoitiko Udaltegian (Agirre baserria, Araneko bidea 37) irailaren 26tik 30era. (16:00etatik 20:00etara).
San Ignazioko Udaltegian (Errondoko, 2) urriaren 3tik 6ra.
2. barrutia (Uribarri)
Castañoseko Udaltegian (Castaños kalea, 11) irailaren 26tik urriaren 6ra.
3. barrutia. (Otxarkoaga-Txurdinaga)
Txurdinagako Barrutiko Udaltegian (Txomin Garat, 12-18) irailaren 12tik 23ra.
Otxarkoagako Udaltegian (Pau Casals etorbidea, 19) irailaren 26tik urriaren 6ra.
4. barrutia (Begoña)
Begoñako Barrutiko Udaltegian (Club Deportivoren Zirko Amateurraren kalea, 2) irailaren 12tik 23ra.
Santutxuko Udaltegian (Remigio Gandasegi, 6) irailaren 26tik urriaren 6ra.
5. barrutia (Ibaiondo)
Ibaiondoko Barrutiko Udaltegian (Pilota kalea, 10) irailaren 12tik urriaren 6ra.
Abandoko Barrutiko Udaltegian (Barraincua, 5) irailaren 12tik urriaren 6ra.
7. barrutia (Errekalde)
Errekaldeko Barrutiko Udaltegian (Altube zeharkalea, 6) irailaren 12tik 23ra.
Iralabarriko Udaltegian (Bergara etorbidea, 8-14) irailaren 26tik urriaren 6ra.
8. barrutia (Basurtu-Zorrotza)
Basurtuko Barrutiko Udaltegian (Zankoeta, 1) irailaren 12tik 23ra.
Olabeagako Udaltegian (San Nikolas Olabeaga kalea, 33) irailaren 26tik 30era.
Zorrotzako Udaltegian (Hermogenes Rojo, 1) urriaren 3tik 6ra.