Indarkeria sexista

Hiritarren eta Udalaren gaitzespena jaso du larunbateko erasoak

uriola.eus 2016ko ira. 13a, 09:03

Argazkia: @GazteKomunistak

Joan den asteburuan izandako eraso sexista salatu dute hainbat auzotarrek Miribillako txosnagunean elkarretaratzea eginez. Bilboko Udalak ere "irmotasun osoz" gaitzetsi du erasoa. 

"Indarkeria matxistari aurre egin. Erasorik ez erantzunik gabe!" zioen pankarta morearen atzean dozenaka auzotarrek bat egin zuten atzo arratsaldean txosnaguneko karpapean. Izan ere, Zabala, San Adrian eta Miribilla auzoak jaietan daude, eta asko izan ziren Ikatzi jai batzordeak erasoa salatzeko egindako deiari erantzun zioten lagunak. 

Larunbat goizaldean gertatu zen erasoa Askatasuna kalean gizonezko batek bere bikotekide ohia eta berarekin zihoan beste lagun bat jo zituenean. Iluntzeran atxilotu zuen Ertzaintzak erasotzailea. "Ez dugu onartuko beste eraso matxistarik", adierazi dute Miribillako auzotarrek atzoko elkarretaratzean. "Hemen ez dago erasotzaileentzako lekurik", erantsi dute Ikatzi jai batzordeko kideek. 

Jaiak igandera arte luzatuko dira.

Bilboko Udaleko talde politikoek, adierazpen instituzional baten bidez, erasoa "arbuiatu" dute, eta "babesa" helarazi diete erasoa jasan duten pertsonei baita gertukoei ere. Era berean, euren esku jarri dituzte Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak, "arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz".

 

[2016-09-12] Gizon bat atxilotu dute bikotekide ohia eta bere lagun bat jotzeagatik