AHTren "karga jasanezina" gelditzeko eskatu diete talde politiko nagusiei

uriola.eus 2016ko ira. 21a, 13:00

Igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako hautagaiei Abiadura Handiko Treneko (AHT) eraikitze-lanak gelditzeko eskatu diete gaur goizean hainbat lagunek. Hain zuzen ere, "hormigoi politika ustela" eta "proiektu faraonikoak" kanpainako programetatik baztertzeko. 

Hauteskunde kanpainan hainbat talde politikok Abiadura Handiko Trena "lotsagabeki zer nola bultzatzen duten ikusirik", gaur agerraldia egitea erabaki dute ATH Gelditu! plataformako kideek Bilbon Eusko Jaurlaritzak duen egoitzaren aurrean: "Ez dugu hormigoi politika ustela bideratzen duen hau bezalako proiektu faraonikorik nahi zeren hainbat arrazoien artean, AHT geratu ezean, behin eta berriz alor desberdinetan jasaten ari garen murrizketez ez gara libratuko, eta bereziki zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta osasungintzan".

Bost partidu politiko nagusien hitzak aztertu dituzte, eta bereuziki "harritu" dira Soraya Saenz de Santamariak esaniko hitzekin: “Urkulluri interesatzen zaiona AHT nork esleitzen duen da”. Espainiako Gobernuko bozeramalearen adierazpenek argiro azaltzen dute AHTren bultzatzaile guztiek zer nahi duten: "Tarta zatiren bat poltsikoratu". PSOEren jarrera PP eta EAJrekin alderatu dute. "Eusko Jaurlaritzan sartu, eta ziztu bizian, hasi ziren Gipuzkoako AHTren lanak txoko ugaritan martxan jartzen".

EAJri dagokionean, Urkullu lehendakariaren ahotik AHT "lehentasun bat da eta ez du inork geldituko" entzun dute. Plataformako kideek ez dute ulertzen "nola litekeen Irekia eta Orain Gipuzkoa bitartez herritarren parte-hartzea bultzatzen egotea eta beraien hitzetan aipatutako jarrera inposatzaileak izatea".

Era berean, gogor kritiktau dute Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Pili Zabalak AHT praktikoki "ia amaitua" dagoela esatea, AHT "amaierarik ez duen proiektua" denean. Plataformako kideek "arrazoi ugari" eman dizkiote Zabalari: "Inbertsioaren erdia baino gehiago gastatzeke dago; martxan jarriz gero, konponketa eta mantenu gastu izugarriak izango lituzke eta txartelen kostuaren bidez ez ziren berdinduko; uhin elektromagnetikoen kutsadura artean egongo ginateke; energia xahuketa bortitza lekarkiguke; nahi ez dugun mugikortasun azkarreko eredu soziala eta hirien hazkunde ez jasangarria bultzatzen du... ". Finean, "betirako litzatekeen karga jasanezina".