Prozeduran agertzea orain baino lehen iragarri zuen Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, hain zuzen ere uztailaren 30ean udaletxeko eskaileretan egindako gaitzespenezko kontzentrazio isilean.
Bozeramaileen Batzordeak presako bilera egin zuen uztailaren 29an eta gogor gaitzetsi zuen emakumearen heriotza, modu tragikoan hil baitzuen bere bikotekidea zenak.
Udaletik argi utzi dute, "emakumeen aurka modu desberdinetan erabiltzen den indarkeria haien segurtasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua" dela eta "beren duintasunaren aurkako erasoa; giza eskubideen urraketa larria eta onartezina". Gehitu dute ere: "genero-indarkeriak ez dituela bizitzak soilik suntsitzen, emakumeek talde modura bizitza publikoan parte hartzea ere mugatzen dituela eta haiek herritar oso izatea baldintzatzen duela. Kostu pertsonal eta sozial zenbatezinak eta konponezinak dakartza eta andrazkoen diskriminazioan oinarritutako ordena sozial baten adierazpena da". Ildo horretatik, Udalean ordezkaritza daukaten talde politiko guztiek sinatutako adierazpen instituzionalak dioen moduan, "herritar guztiak animatzen ditugu jarrera aktiboa hartzera emakumezkoen aurkako indarkeria-adierazpen guztien aurrean, hura azalduz, ez onartuz, isilik ez egonez eta biktimei laguntza adieraziz".
Gauzak horrela, Genero Indarkeriaren Udal Programan eta Andrazkoen eta Gizonezkoen arteko Aukera Berdintasunerako Bilboko Udalaren IV. Planean hartutako konpromisoak betetzeko, Gobernu Batzordeak, Emakumearen aurkako indarkeriaren arloko Bilboko 2. Epaitegian hasitako prozeduran Udala aurkeztea eta herri-akzioa gauzatzea erabaki du.
[2016-07-30] Kalea Arantzazu Palacios Izquierdoren hilketa matxista gaitzesteko lekua