Punta-puntako boxealariak arituko dira Munduko Junior Txapelketan

uriola.eus 2016ko urr. 6a, 13:38

Bilbon egingo da datorren larunbatean, urriak 8, 'World Boxing Council' Munduko Junior Txapelketa, Bizkaiko hiriburuan lehenengoz egingo den eta nazioarteko garrantzia daukan titulua. 

Oihane Agirregoitia Udalaren Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak aurkeztu du txapelketa, Bilboko kirol ekitaldien artean gertaera gogoangarria izango dena. Bere ondoan izan dira Jon Fernandez boxeolari bizkaitarra eta Isidro Elezgarai Euskal Herriko UNICEF Batzordeko presidentea.

Boxeoaren agertoki historikoa den Casilla pabiloia aukeratu dute txapelketa egiteko. Lehiaketak izaera sozial nabarmena izango du, jasotzen den diruaren zati bat Euskal Herriko UNICEF Batzordera joango baita.

Jon Fernandez boxeolari bizkaitarra izango da tituluagatik lehiatuko den Euskal Herriko lehen pugila. Bere aurkariak, Mikael Mkrtchyan armeniarrak, 16 garaipen lortu ditu 17 borrokalditan. Fernandez, 21 urtekoa, sasoi betean dator 24 urtetik beherako profesionalen txapelketa honetara; izan ere, 8 borrokaldi egin ditu eta denak irabazi ditu.

Munduko txapeldun handi batzuk, esaterako Danny Garcia, Tim Bradley edo Sau 'Canelo' Alvarez, kirol honetan hasi ziren eta Fernandezek datorren zapatuan lortu nahi duen titulua lortu zuten. 

Informazio gehiago eskuratzeko klikatu hemen

http://euskobox.com/ 

https://www.facebook.com/eusko.box