Bilbao Basketek 2016-2017 denboraldia modu ederrean hasi du. Egutegiak hasieran zazpi egunetako epean hiru norgehiagoka izateak taldearen errendimendua zein izango zen zalantzan jartzen zuen, are gehiago jakinda Carles Duranek jokalari guztiak liga hasi baino aste bat lehenago biltzea lortu zituela eta, hortaz, batera entrenamendu gutxi eginak zituztela "beltzezko gizonak".
Emaitzak ikusita behinik behin, zalantza horiek argitu egin dira. Egia da goizegi dela ondorioak ateratzeko eta aurreko denboraldiekin konparaketak egiteko, baina ikusitakoak itxura oso ona du. Jokalariak entrenatzailearen ideiak barneratzen hasiak dira (beteranoak zein berriak) eta, hobetzeko denbora dagoen, borroka eta pazientzia erakutsi dute "beltzezko gizonek".
Jokaturiko hiru jardunaldietan bi ezaugarri horiek kantxan jarri dituzte hiru lehiak estuak izan direlako (batez ere Zaragozan non taldea hirugarren laurdenaren hasieran 11 puntu behetik zegoen). Duranek partidu osteko prentsaurrekoetan adierazi du momentu zail horietan lasai jokatu dutela eta garaipenen gakoaetako bat hori izan dela.
Aste honetan Bartzelona da Bilbao Basketen arerioa Miribillan. Georgios Bartzokasenek ez zuten ligako partidurik izan pasa den asteburuan (gogoratu aurten ACBk 17 talde dituela eta, hortaz, astero talde batek atseden hartzen duela), baina Euroligako norgehiagoka dute ostiralean Unics Kazanen aurka eta ikusi beharko da nola datozen Navarro eta konpainia. Aurrean hiru garaipen lortu ostean konfiantzaz gainezka dagoen kuadrilla aurkituko dute eta euren mutilak babesten egongo den "marea beltza" motibatua aurkituko dutena segurua da. Igande honetan 12:30ean Bilbao Arenan.