Ultra trail distantziako lasterketek gero eta zale eta arrakasta gehiago dute, gorantza dator muturreko kirol modalitate hau eta datorren urtetik aurrera erreferentziazko zirkuitu bat izango da Hego Euskal Herrian: Basque Ultra Trail Series (BUTS). Lehia lau etapatan banatuko da, proba bat urtaro bakoitzean, eta ibilbideak Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñea! lotuko ditu mendiz mendi. Berebiziko kirol erronka da, 500 kilometro inguruko ibilbidean 78 gailur igo beharko baitituzte partaideek, horien artean Euskal Herriko enblematikoenetako batzuk: Ganekogorta, Gorbeia, Kapildui, Beriain, Ezkaba, Erga, Ireber, Adarra, Oiz, Erlo, etab.
Beraz, lehen aldia da Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako erakunde guztiek elkarrekin parte hartzen dutena horrelako egitasmo batean; izan ere, zirkuitu honek, kirola ez ezik, lurraldeen aberastasuna, kultura, turismoa eta ondarea ere sustatzen ditu.
Lau etapatan aurrenekoak Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu 110 kilometroko ibilbidean, otsailaren 24an Bizkaiko hiriburutik abiatu eta 26an Arabakoan amaitu. Bigarren erronka, Gasteiz eta Iruñea artekoa, maiatzaren 5etik 7ra izango da, eta korrikalariek 130 kilometro egin beharko dituzte mendiz mendi. Hirugarren etapa, Nafarroako hiriburutik Donostiara artekoa, abuztuaren 4tik 6ra izango da, eta partaideek 120 kilometro osatu beharko dituzte. Azkenik, laugarren erronka, luzeena eta desnibel metatu gehien duena, Donostia eta Bilbo artekoa izango da, urriaren 6tik 8ra: 140 kilometroko ibilbidea eta 14.400 metroko desnibela. Proba bakoitzean denbora muga bat izango da ibilbidea osatzeko; adibidez, lehen etapan 26 ordukoa izango da muga hori, eta laugarrenean, 39 ordukoa.
Basque Ultra Trail Series zirkuituko lau lasterketak distantzia luzeko mendi ibilbideak dira, erdi autosufizientzia modalitatean egiteko. Horrek esan nahi du partaide bakoitzak bere segurtasun baldintzen, elikaduraren eta jantzien ardura duela anoa-gune batetik besterako tartean, eta gai izan behar duela inguruneko baldintzen, eguraldiaren, nekearen edo lesioen ondorioz sortutako aurkako egoerei aurre egiteko. Kasu guztietan, antolakuntzak derrigorrez eraman beharreko zenbait jantzi eta material zehaztu ditu, eta horiez gain, ezinbestean eraman beharrekoak dira honako hauek ere: gutxieneko ur eta elikagai erreserbak, kopetako argiak, telefono mugikorra, txilibitua, biziraupen-manta, etab.
Kirol-erronka honen distantziak eta muturreko baldintzak kontuan hartuta, partaideen kontrola eta segurtasuna da proba antolatzeko beste oinarri nagusietako bat. Hala, Basque Uultra Trail Series zirkuituko partaide guztiek derrigorrez erabili beharko dituzte txipak eta GPS-balizak jantzietan eta motxilan. Modu horretara, larrialdirik gertatuz gero edo inor galduz gero, antolakuntzak errazago bideratu ahal izango du laguntza eta sorospena, eta, horrez gainera, lehiakideek markatutako ibilbideari zorrotz jarraitzen diotela ziurtatu ahal izango du. Era berean, izen-ematea egiteko, partaide guztiek mediku-ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute probaren eskakizun fisikoari aurre egiteko gai direla egiaztatzeko.
Zirkuituko probetan gehienez ere 600 gizon-emakumek hartu ahal izango dute parte,honako kategoria hauetan: seniorrak (18-45 urte artean gizonak eta 18-40 urte artean emakumeak), beteranoak (46-55 urte gizonak eta 41-55 emakumeak), master kategoria (56 urtetik gorakoak) eta hiru laguneko taldekakoa. Lehiaketa eliteko kirolarientzat nahiz erronka pertsonal hau amaitzea beste helbururik ez duten kirolarientzat dago zabalik.
Kirol-proba berritzaile honen oinarrian Sheve Peña mendizale tolosarrak 1953an eginiko 'Lau Katedralen Martxa' dago. Bilboko Santiago katedraletik abiatu eta bertan bukatu, Peñak oinez, gelditu gabe eta mendiz lotu zituen Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteiz, 400 kilometroko bidean eta 93 ordutan.
Gora datorren mendizaletasunaren modalitate berri eta gogorra
Ultra trail lasterketen gaur egungo boomak proba hauen eskakizun fisiko eta mentalean du sorburua: partaide bakoitzak bere gaitasunak eta mugak neurtzen ditu, naturarekin harreman estuan neurtu ere, oinez eta korrika 24 ordutik gora luza daitezkeen lasterketetan. Gaur egungo formatuan, lehiaketa hauek AEBen sortu ziren, 1970eko hamarkadan. Europan, erreferentziazko proba Mont Blanceko ultra traila da, 2003. urteaz geroztik egiten den lasterketa. Espainian, 2007an hasi zen finkatzen proba hauen egutegia, eta gaur egun, gutxiago edo gehiago, 250.000 zale aritzen dira distantzia luzeko lasterketa horietan.
Euskal Herrian, Hiru Handiak proba eta Galarleiz eta Zegama-Aizkorri maratoiak egiten dira 1980ko eta 1990eko hamarkadetatik, eta aurrekari horietan oinarrituta, 2010ean sortu zen lehen ultra traila: Gipuzkoako Ehun Milak lasterketa. Hain zuzen, Hiru Handiak probak -Gorbeia, Anboto eta Aizkorri gailur enblematikoak igotzen ditu 100 kilometroko ibilbidean- arrakasta izugarria lortu du eta, horren adierazle, azken edizioan, probarako urte erdia falta zela artean, 4.000 lagunek eman zuten izena 1.500 plazen zozketan parte hartzeko.
Arreta eta kontrol berezia natura-ingurunea zaintzeko
Basque Ultra Trail Series zirkuitua naturaren eta kirolaren balioak sustatzeko eta uztartzeko asmoarekin sortu da, baita lau hiriburuek eta lurralde historikoek natura, paisaia eta kultura aldetik duten aberastasuna sustatzeko ere. Era berean, zirkuituaren xedea da balizatutako zidorrak -GRak, PRak eta Santiago bidea- sustatzea eta mendiko bidezidor eta bideak berreskuratzea eta mantentzea, hori guztia tartean diren erakunde eta organismoekin elkarlan estuan.
Alde horretatik, antolakuntzak arreta berezia jarri du lasterketak natura-ingurunean eragin dezakeen inpaktua ahalik eta gehien murrizteko, eta horretarako, ingurumen-inpaktuaren auditoria bat egingo du eta hondakinak kontrolatzeko neurri zorrotzak ezarriko ditu, kontuan
hartuta ibilbideko zati batzuk parke naturaletan eta babestutako eremuetan izango direla. Hala, antolakuntzak konpromisoa hartu du material birziklatu, berrerabilgarri edo biodegradagarrien erabilera bultzatzeko, hondakin guzti-guztiak deuseztatzeko eta etapa bakoitzaren amaieran baliza eta marka guztiak kentzeko. Bi hitzetan esateko, mendia garbi uzteko.
Partaide bakoitzak sare-poltsa! bat ere jasoko du, lasterketan zehar sortutako hondakinak gordetzeko eta anoa-gune bakoitzean horretarako egokitutako lekuetan uzteko. Era berean, partaide bakoitzak bere ontzia eraman beharko du, anoa-guneetan ahalik eta hondakin gutxien sortzeko, eta tinta ezabaezinarekin bere dortsalaren zenbakia markatu beharko du barratxo, gel eta bestelako janarien bilgarri guztietan, erabili eta botatzekoa den material guztiaren ardura bere gain hartzen duela ziurtatzeko. Dortsala hartzeko unean egingo den material-kontrolean nahiz irteerako parke itxira sartzerakoan egiaztatuko du antolakuntzak markaketa hori.
Mendiko Hiria: hiriak eta lurraldeak sustatzeko gunea
Kirol-lehia izateaz gain, Basque Ultra Trail Series zirkuituak baditu beste asmo batzuk ere, hala nola mendizaletasunaren berezko balioak sustatzea, Euskal Herriak paisaia aldetik duen aberastasuna zabaltzea eta lurralde eta hiriburu bakoitzak kirol eta turismoaren arloan eskaintzeko duen guztia sustatzea.
Helburu horiei begira, etapa bakoitzaren aurreko egunetan, lau hiri-egoitzek Mendiko-Hiria! hartuko dute, mendia eta ultra trail lasterketak maite dituzten guztientzako eremu irekia; bertan, mendiarekin lotutako hitzaldiak, erakusketak eta proiekzioak izango dira. Korrikalariaren azoka edo village honetan mendiko lasterketekin lotura duten marka eta denden erakusketa zabala egokituko da, eta, beraz, merkataritza aldetik bultzada izango da hiriarentzat, eta bisitarientzat, berriz, beste erakargarri bat, lasterketarekin lotuta egon zein ez.
Informazio gehiago: www.basqueultratrail.com