Udal politiketan gazteen parte-hartzea sustatzeko Bilbao Gazte prozesua abiarazi du Udalak

uriola.eus 2016ko urr. 26a, 09:15

Gazteen ikusmoldea eta iritziak kontutan izan nahi ditu Juan Maria Aburtok zuzentzen duen Udal Gobernuak. Hirian 15 eta 34 urte bitarteko 67.330 pertsona daude erroldatuta, eta Udalak "entzuten diela nabaritu dezatela nahi dugu", adierazi du Aburtok. Horretarako, komunikazio-tresna berriak jarri dituzte abian Bilbao Gazte prozesuaren baitan.

Bilboko Udalak bilbotar gazteen "partaidetzaren eredua sendotu" nahi du. Helburutzat du "gazteen autonomia, emantzipazio-aukerak eta burujabetasun osoaz baliatu ahal izatea errazten dieten kultura, gizarte zein ekonomia-proiektuen definizioan eta garapenean laguntzea eta parte hartzea". 

Alkateak Bilbao Gazte prozesuaren aurkezpenean gazteei esan dienez, "Bilboko Udalak nahi du Bilbo gazteen mundua izatea, haien espazioa, lan egiteko, ikasteko, enpresak sortzeko, ondo pasatzeko, sormena lantzeko, familia bat egiteko eta beste gauza askotarako aukerak eskain diezazkien espazioa. Labur esanda, bizitzeko eta elkarbizitzarako lekua izatea".

Bilbao Gazte prozesuaren bitartez gazteentzat diren eta horiengan eragina duten programei, zerbitzuei eta ekintzei buruzko informazioa partekatuko du Udalak. Ekintza jakin batzuei buruz gazteek egiten duten balorazioa jakiteko, gazteei entzuteko, eztabaidatzeko, proposamenak egiteko eta hausnarketa egiteko elkarrizketak sortuko dira. "Gazteak protagonista izango dira udalaren politikan", Aburtoren hitzetan.

Horretarako, komunikazio-tresna berriak egongo dira: Facebook, TwitterGoogle + eta You Tube sare sozialetan profilak eta web bat, gazteekin zerikusia duten udalaren politikei buruz informazio erabilgarria eskaintzeko.

 

112 ekintza gazteentzat

Agintaldiko lehen urtean, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Sailak, Udaleko sail guztien koordinazio-lanari esker, 112 ekintza identifikatu eta aztertu ditu. Bilboko Udalak diseinatu, antolatu, beste batzuekin batera finantzatu edo burutzeko laguntza emandako ekintzak dira horiek. Hiriko 13 eta 35 urte bitartekoentzat dira ekintza horiek guztiak. Hiru arlotan sailka daitezke programa horiek. Hauexek arloak: Autonomia eta emantzipazioa; kultura, aisia eta kirola; balioak eta gizarte-kohesioa.

bilbaogazte.bilbao.eus