"Hirien eta zibilen kontrako bonbardaketak defendatu zituen" Solanak NATOko idazkari nagusi zela, Nazio Batuen Erakundearen aginduaren aurka, nazioarteko zuzenbidea eta Genevako konbentzioa hautsiz.
Horrezaz gain, Bilboko KEM-MOCen esanetan, Jugoslabiako gerran "erailketetan, prostituzioan eta droga eta organo trafikoan nahastuta zeuden milizia paramilitarrak armatu zituen" Solanak.
Solana "hiltzaileari" ezetz esateko, elkarretaratzea deitu dute hainbat eragile antimilitaristek arratsaldeko 18:30ean, Arrikibar enparantzan, Alondegiaren aurrean, 'Javier Solana kanpora' lelopean.
Solasaldia: 'Europa kosmopolita: erronka komunak demokratizatuz'
19:00etan izango da Azkuna Aretoan Javier Solana eta Daniel Innerarityren arteko eztabaida 'Europa kosmopolita: erronka komunak demokratizatuz' gaia hizpide dutela. Jarduera honekin amaiera emango zaio Bilbao European Encounters ekitaldiaren III. edizioari. Biltzarrari esker, "Europako integrazioari buruzko eztabaida eta hausnarketa lantzeko topagunea izan da Bilbo", Udalak ohar batean adierazi duenez.
Javier Solanak (Filosofia Politiko eta Sozialean katedraduna) gaur egun nazioarteko aholkulari gisa jarduten du. Biharko saioan "irtenbideak proposatuko dizkio" Europako proiektu erkideak aurre egin beharreko desafio askori.
Daniel Innerarity jakintza-gizarteen eraldaketa kultural eta politikoen arloan aditu aitortua da nazioartean, baita gobernu-, demokrazia- eta globalizazio-sistemen berrikuntzan ere.
Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak, Bilboko Udalarekin lankidetzan, antolatu du ekitaldia. Azken saio honetan, halaber, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua eta Laboral Kutxaren laguntza jaso dute.
Herritarrek aktiboki parte hartzeko aukera
Solana eta Innerarityren arteko topaketa da Bilbao European Encounters batzarraren aurtengo edizioaren unerik "garrantzitsuenetako bat"; izan ere, "lehenengo aldiz, herritarrek aktiboki parte hartzeko aukera eskaini da, formatu berri batean, non bertaratutakoen eta hizlarien arteko elkarrizketa eta komunikazio erraz, zuzen eta jarraitua den oinarri", antolatzaileen hitzetan.
Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.
Hitzaldiak streaming bidez ikus daitezke hemen: globernance.org