"Etorkizunari begira" kokatu du Sortuk larunbateko mobilizazioa, Brouard eta Muguruza gogoan

uriola.eus 2016ko aza. 18a, 08:30

Santi Brouard eta Josu Muguruza Ezker Abertzaleko militanteen hilketaren urteurreneko bezperan, bihar, azaroak 19, Sortu alderdiak deituta, Bilbon arratsaldez egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute 'Izan zirelako gara. Gora Herria!' lelopean. 

Aurtengo azaroaren 20a "testuinguru berezian" biziko dute Ezker Abertzalean eta Sortun, Arkaitz Rodriguezek adierazi duenez. Izan ere, Sortu birfundazio prozesuan murgilduta dago, eta prozesua "aurrera doa, etengabe". Sortuk helburutzat duen "Euskal Errepublika" lortzeko bidean, "ezinbestekoa dugu burujabetzan aurrera egitea, eta ipar hori aintzat hartuta, elkarrekin egin beharreko bidaia dugu honako hau", esan du Rodriguezek azaroaren 19ko manifestazioaren aurkezpenean. Horretarako, "Santi eta Josuk defendatzen zuten bezala, herritarren eta herri-sektore anitzen bultzadaz egin behar da bidai hori. Herri gisa eraiki behar dugu edo ez dugu egingo".

Demokraziarako "aukera bakarra" Euskal Herrian bertan prozesu independentista propioa indartzea eta garatzea da Rodriguezen aburuz, hau da, "Estatuarekiko haustura". Katalunian gertatzen ari dena aintzat hartuta, eta Espainiako gobernua osatzeko izandako "operazioa" ikusita, argi du Sortuk "berriro ere Estatu espainiarraren baitan ez dagoela ez demokraziarako, ez justizia sozialerako inolako aukerarik". 

Sendejako tingladoan hainbat lagunek babestuta, tartean Brouard eta Muguruzaren senide eta lagunek, "bakea eta erabakitzeko eskubidea defenditzen duten indarren alde eta 'España proiektua' inposatu nahi dutenak baztertuz", euskal gizarteak egin duen apustua nabarmendu dute. 

"Santi eta Josuren moduan, milaka lagunek egindako ekarpen humano eta militantea dugu etorkizuneko borrokarako iparra. Horregatik, gure artean ez direnak gogoan, etorkizunari begira kokatu nahi dugu azaroaren 19ko mobilizazioa".

Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Santi Brouarden kontsulta zegoen lekutik, Rekalde zumarkalea eta Juan de Ajuriagerra kaleen artetik. 

 

Azaroak 20

Ohiko ekitaldiak antolatu dituzte azaroaren 20an, igandea, 'Egia bide, askatasuna amets' lelopean. Eguerdiarekin bat, Ametzolako parkean Santi Brouarden molonolitoan lore eskaintza egingo dute, eta 12:30ean Errekalden, Josu Muguruzaren monolitoan.