Kontzertu handia Bizkaiko Elikagaien Bankuari laguntzeko

uriola.eus 2016ko aza. 23a, 09:05

Argazkia: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (euskadikoorkestra.eus)

Musikari asko bilduko dira gaur, azaroak 23, asteazkena, Campos Eliseos antzokian, Bizkaiko Elikagaien Bankua babestu asmoz. Fernando Velazquezek Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Ken Zazpi, Zea Mays eta Doctor Deseo zuzenduko ditu. 

2016ko Fair Saturday ekimenari Bilbon hasiera emango dion kontzertua izango da hau, hiru taldetako kideak orkestrarekin bilduko dituena. 

Kontzerturako sarrerak salgai daude jada Campos antzokiko web orrian eta txarteldegian, eta Kutxabankeko kutxazainetan. Kontzertura joan ezin duenak dohaintza egin dezake Bizkaiko Elikagaien Bankua diruz babestuz (hemen). 

 

'Bilketa handirako' boluntario bila

Urtero egin ohi duen elikagaien 'bilketa handirako' prestatzen ari da Bizkaiko Elikagaien Bankua. Aurtengo bilketarako finkatu du data, azaroak 25 eta 26. Bi egun horietan boluntario gisa lagundu nahi duten herritarren bila ari dira elikagaien bankuko kideak. "Boluntario gisa parte hartuz, pertsona horiek keinu txikiekin bizia ematen ari dira. Lagun gaitzazu 'bilketa handian' inoiz izan den boluntario gehien elkartzen", diote.

Interesa dutenek 946 053 779 telefonora dei dezakete (astelehenetik ostiralera) edota voluntariado@bancali-biz.org e-postara idatz dezakete. 

 

Elikagaien bonua

Aurtengo berritasun nagusia "establezimendu guztietan" eskuragai izango den 'elikagaien bonua' izango da. Bonu horiek denda batzuetan jarri ziren esperientzia pilotu modura iazko edizioan, "arrakasta handiz". Abantaila eskaintzen dute bonuek, izan ere, elikagaiengatik truka daitezke "beharrezkoagoa denean; horrela, biltegiratze edo garraioko arazoak saihestuko dira eta banatzen diren produktuak era askotakoak izatea ahalbidetuko da".

Dohaintza egiteko modu hori (umeen elikagaietarako bonu berezi bat barne) establezimendu laguntzaileetan eta Bizkaiko Elikagaien Bankuaren webgunean egin daiteke.

www.bancali-biz.org

[2016-11-17] 'Elikagaien bonua' sustatuko du Bizkaiko Elikagaien Bankuak aurtengo 'bilketa handian'