Bilbo Zaharreko Bego auzokidearen kasuan erakundeek izandako jarrera salatu du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko udal taldeko bozeramaileak Urazurrutia kalean, Bego bizi zen etxeko atarian. "6.000 euroko zor bategatik pertsona bat kaleratzeak EAJren gezurra agerian uzten du. Argi eta garbi esan dezakegu EAJrentzat pertsonak ez direla lehentasuna, bestela ez zuten horrela jokatuko. Erakundeek erakutsi duten jarrera salagarria da; pertsona hori alde batera utzi dute". Etxe desjabetzeak ekiditeko Bilboko protokoloak dituen "arazoak" agerian geratu dira Ibaibarriagaren arabera, protokolo horrek "ez baitu aurreikusten etxe desjabetzea jasan duen pertsona bat udal etxebizitza batera eramatea".
Angel Toñari eskaera
Aldi berean, Iker Casanova parlamentariak Angel Toña sailburuaren jarrerak erakutsitako koherentzia eza salatu du. "Azken egunetan behin eta berriz entzun diogu esaten negu honetan inor ez dela abandonatuta geratuko. Zoritxarrez, gaur hemen ikusitakoak kontrakoa erakusten du", adierazi du EH Bilduko parlamentariak etxe desjabetzeak ekiditeko soluzioak eskatzearekin batera.