Ez dute sinatuko "edukiei lehentasuna" eman nahi izan dietelako "akordioari eman beharrean", beste batzuetan gertatu den bezala. Aitziber Ibaibarriagak eta Alba Fatuartek EH Bilduren izenean, Carmen Muñoz eta Amaia Arenal Udalberriren izenean eta Conchi Garcia Goazen Bilbaoren izenean, argi utzi dute ez diotela "udal gobernu honi aurpegia aterako". Ez dute egingo "bere agendan indarkeria sexistaren aurkako politika ez delako ez garrantzitsua ezta larria".
"Iazko azaroaren 25etik gaur arte ikusi da nola mugimendu feministak etxe honetako atea jo duen, Udalbatzara etorriz, eta nola jasotako erantzuna ezetza izan den; ikusi da nola udal gobernu honek ez dituen bultzatzen berdintasun politikak ezta emakumeok pairatzen ditugun milaka injustiziari irtenbidea bilatzeko beharrezkoak diren politika feministak. Hori gertatu da udal gobernuak emakumeen kontrako indarkeria, herritarren erdiek pairatzen duguna hain zuzen ere, salatzeko hainbat adierazpen egiten zituen bitartean".
Aurrekontuetan egindako murrizketa
"Are gehiago", diote hiru talde politikoetako ordezkariek, astebete barru onartuko diren 2017ko Bilboko Udaleko aurrekontuetan "%1,51 murriztuko da berdintasun politiketara eta emakumeei zuzendutako gizarte arretako politiketara zuzendutako dirua". 2016an baino 22.568 euro gutxiago izango dira. "Murrizketa are larriagoa da kontuan izaten badugu aurrekontuak %3,5 egin duela gora".
Aurrekontuetan egindako murrizketa horrek EAJ eta PSEren udal gobernuaren "konpromiso eza" erakusten du. 2017ko udal aurrekontuetan egingo den murrizketa "erabakigarria izan da" hiru taldeentzat "beste adierazpen bat aurkezteko".