Santurtzitik Bilbora lasterketak XXVIII. edizioa ospatuko du igandean

uriola.eus 2016ko aza. 24a, 08:00

http://turismo.santurtzi.net

Datorren igandean, azaroaren 27an, 4.000 atleta bilduko dira Santurtziko Mikel Trueba Kiroldegian egutegi ofizialeko lasterketa hunkigarrienetako bat hasteko, Santurtzitik Bilbora Nazioarteko Errepideko Lasterketa delakoa, hain zuzen ere.

Urtero atxikipen gehiago dituen kirol-ekitaldia da, eta korrika egitera zaletuak direnen agendetan sendotu da; Itsasadarrarekin nahiz bere iragan industrialarekin daukan loturarengatik, eduki sentimental handia daukan ibilbidea da.

Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia den Oihane Agirregoitiak, lasterketa horren XXVIII. edizioaren aurkezpenean, "bi erakundeen arteko —Santurtziko Udalaren eta Bilboko Udalaren arteko— lankidetzaren garrantzia" nabarmendu du; izan ere, "horri esker, Santurtziko Atletismo Taldearen esperientziarekin nahiz babesleen laguntzarekin batera, azaroaren azken igandean hain berezia den lasterketa horren beste edizio bat ospa dezakegu beste urte batez".

Bestalde, Danel Bringasek, Santurtziko Udaleko Kiroletako zinegotziak, honako hau azpimarratu du: "izaera herrikoiak eta kiroltasunaren espirituak betidanik definitu dute proba hau; gainera, oso aukera ona ematen digu osasuna zaintzeko eta sasoia mantentzeko, parte hartzaileak igaroko diren inguruen eta herrien ikuspegiaz gozatzen dugun bitartean".

Lasterketa azaroaren azken igandean da, hitzordu honetan ohikoa den bezala. Parte-hartzaileak Santurtziko Mikel Trueba Kiroldegitik abiatuko dira 11:00etan, eta helmugara iritsiko dira Bilboko Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean, 15,8 kilometroz Itsasadarreko ertzetik Portugalete, Sestao, Barakaldo, Lutxana, Zorrotza, Deustu eta Abando Ibarran barrena, ibili ondoren. Ibilbidea, gehienez, bi ordutan egin beharko da.

Lasterketan 9.000 euro baino gehiago balio duten sariak banatuko dira zortzi kategorietako irabazleen artean; horietatik, lau gizonezkoenak dira, eta gainerako lauak emakumezkoenak (absolutua, beteranoak, gurpil-aulkiak, Euskadi). Santurtzitik Bilbora 1989an egiten hasi zen; 14,7km inguru ditu eta, dagoeneko egindako edizioetan, Abel Anton, Martin Fiz, Alberto Juzgado edo Ronald Kipchumba nahiz Hafid Mhamdi afrikarren mailako atletek hartu dute parte.