Azaroak 25

Lehentasunezko gaia, emakumeenganako indarkeriari eman beharreko erantzuna bateratzea

uriola.eus 2016ko aza. 25a, 09:00

Argazkia: ehgam2009.blogspot.com.es

Jarduera asko antolatu dituzte gaur, azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, bai erakundeek bai kolektiboek. Denen helburua da emakumeenganako indarkeriak lehentasunezko gaia izan behar duela azpimarratzea. Nahiz arduradun politiko eta mugimendu feminista ez datozen bat gairi eman beharreko erantzunaren modu, erritmo eta bitartekoetan. Egunaren amaieran bat egingo dute 20:00etan Arriaga plazatik irtengo den manifestazioan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deiari erantzunez, Haserre gaude! Estamos organizadas. Aurrean gaituzue lelopean.

Erantzun ezberdinak esparru ezberdinetatik

"Indarkeria sexistaren aurrean, zer?" galderari erantzungo diote ELA sindikatuak antolatu duen mahai inguruan gaur goizean (10:30) EHUko Paraninfoan, Abandoibarran. Erantzun ezberdinak esparru ezberdinetatik emango dituzte, besteak beste, Laura Gomez Hernandez Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Saileko arduradun ohiak, Maria Viadero Acha Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeko kideak eta Itziar Gandarias Goikoetxea Mujeres del Mundo eta Emakumeen Mundu Martxako militanteak. 

 

Irakurraldi ireki eta parte-hartzailea

Bilboko Udalak eguerdiarekin batera "irakurraldi ireki eta parte-hartzailea" antolatu du Arriaga plazan. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Berdintasun zinegotziak hitza hartuko dute ekitaldian, Udaleko beste ordezkari eta emakumeen elkarteetako eta gizarte-entitateetako kideekin eta merkatariekin batera.

Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu 12:00etan hasi eta 14:00ak aldera amaitzekoa den irakurraldi publikoan parte hartzera.

 

Beste adierazpen bateratu bat

Gaurko egunean Bilboko Udaleko talde politiko guztiek adostutako adierazpen bateraturik ez da izango, EH Bildu, Udalberri eta Goazen taldeek adierazpen propioa zabaltzea erabaki baitute. Joan den asteazkenean iragarri zutenez, Aburtok zuzentzen duen udal gobernuarentzat "indarkeria sexistaren aurkako politika ez delako ez garrantzitsua ezta larria".

Hiru talde politikoetako ordezkariek sakatu dutenez epe laburrean onartuko diren 2017ko Bilboko Udaleko aurrekontuetan "%1,51 murriztuko da berdintasun politiketara eta emakumeei zuzendutako gizarte arretako politiketara zuzendutako dirua". 2016an baino 22.568 euro gutxiago izango dira. "Murrizketa are larriagoa da kontuan izaten badugu aurrekontuak %3,5 egin duela gora".

Aurrekontuetako murrizketak EAJ eta PSEren udal gobernuaren "konpromiso eza" erakusten du, eta hiru taldeentzat "erabakigarria izan da beste adierazpen bat aurkezteko". 

 

Gabarra eta txartel gorriak

Arratsaldean, 140 emakumek Portugaletetik Bilboko Itsas Museorako bidea egingo dute, itsasadarretik, Txinbito gabarran. Egitasmoaren sustatzaile A Plataformaren helburuetako bat da "erakundeetatik bertatik genero-diskriminazioa eragiteko dauden mekanismo subliminalak" agerian uztea.

18:00etan abiatuko da gabarra Portugaleteko portutik. 1.500 txartel gorri banatuko dituzte herritarren artean: "Batetik, A plataformaren egitekoa da berdintasun legeak betetzen diren ala ez aztertzea, hau da, arbitro gisa aritzen gara; bestetik, gabarra aukeratu dugu gure ekintzaren protagonista bezala. Bi gaiek futbola dakartenez gogora, metafora hau erabiliko dugu: Berdintasunaren partidan, txartel gorria"18:30ak aldera helduko dira Bilboko Itsas Museora, eta handik indarkeria matxistaren kontrako manifestazioraino joango dira oinez.

 

Uribarrin elkarretaratzea

Aletu Uribarriko Emakumeen Elkarteak, Gure auzoan ez! lelopean, elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die Uribarriko auzotarrei 19:00etan arrapala mekanikoetan, hain zuzen ere, "emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko" konpromisoa adierazteko. 

 

Manifestazioa 20:00etan Arriagan 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat hiriburutan Haserre gaude! Estamos organizadas. Aurrean gaituzue lelopean. Bilbon 20:00etan dute hitzordua Arriaga plazan.