Bilboko Udalaren aurrekontu orokorra 2016an baino %3,6 handiagoa izango da 2017an

uriola.eus 2016ko abe. 1a, 10:11

Bilboko Udalaren Osoko Bilkurak 2017rako aurrekontua onartu du EAJ-PNVren eta PSEren aldeko botoekin (17) eta PPren abstentzioarekin (4). Onartutako aurrekontua 527,9 milioi eurokoa da, 2016an baino %3,6 gehiago, guztira. Talde politiko guztien hainbat emendakin jaso dira aurrekontuan, baina ez EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok nahi beste. 

Bilboko Udalaren Osoko Bilkurak onartu du 2017ko ekitaldirako aurrekontuaren proiektua. Haren zenbatekoa 527,9 milioi eurokoa izango da, 2016an baino %3,6 gehiago. Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, aurrekontua “serioa, zorrotza eta errealista da, baina, batez ere, ilusioa pizten du, gakoak diren hiru helbururekin: gizartearen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea; jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzea; eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea”.

Hurrengo urteko aurrekontua horri buruz eztabaidatu eta EH Bildu, Udalberri eta Goazen taldeek aurkeztutako osoko emendakinak atzera bota ondoren onartu da. Azkenean, Udal Gobernuak –EAJ/PNV eta PSE-EE alderdiek osatua– beste talde politiko guztien hainbat emendakin ontzat eman ditu. Horiek guztiak batuta, 1,6 milioi euroko balioa dute.

527,9 milioi euroko aurrekontua handitu barik, hurrengo talde politikoen emendakinak onartu dira: PP (1,1 milioi eurokoak); EH Bildu (300.000 milioi eurokoak); Goazen (100.000 milioi eurokoak); eta Udalberri (100.000 milioi eurokoak).

Aurrekontuaren azken irizpenak Gobernu Taldearen aldeko 17 boto jaso ditu (EAJ-PNVren 13 zinegotzi eta PSE-EEren 4), 4 abstentzio (PP) eta kontrako 8 boto (EH Bildu, Goazen eta Udalberri).

2017rako aurrekontu honek, Juan Mari Aburtoren iritziz, ilusioaren osagaia dauka, “izan ere, aurrekontu ekitaldiarekin alderatuta, %3,6 handitzea lortu dugu, Bilbo abian jarraitzea nahi dugulako, proposamen eta ideia berriekin.”

Hurrengo ekitaldiko “berrikuntza nagusietakoa”, lehendabizikoz, “Aurrekontu Parte-hartzaileak izenekoak barne hartzea” izango da. Horietan 17 proiektu daude, herritarrek luzatutako 22 proposameni lotuta eta 2 milioi euroko balioa dute. “Agindu genuena beteta, bilbotarrek ahotsa izatea nahi dugu”, esan du alkateak.

 

Oposiziotik kritika gogorrak

EAJ eta PSE alderdien udal gobernuak PPren babesa jaso izana, 2017ko aurrekontuak onartzeko, "kezkagarria da" EH Bilduren iritziz. "Indar eskuindarren arteko akordioa kezkagarria da. Berez txikia den gobernukidearen, PSEren, eragina murrizten du", auzoetan, inbertsio eta enpleguan, etxebizitzan eta berdintasunean.

EH Bilduk aurrekontuen proiektuari aurkeztutako 108 emendakinetatik bost zuzenketa adostu ditu udal gobernuarekin. Hortaz, "EH Bilduk 300.000 euro gehiago lortu ditu Bilbobus, jasangarritasuna, euskara eta kultura sustatzeko auzoetan". Horri esker 60.000 euro gehiago egongo da datorren ekitaldian Bilbobuseko lineen birformulatzeko, taxi elektrikoak erosteko (140.000€), auzoetan ekitaldi kulturalak egiteko (30.000€ gehiago), Bilbora bizitzera datozen etorkinak euskara ikasteko (50.000€) eta Euskararen Aholku Batzorderako (20.000€), Aitziber Ibaibarriaga zinegotziaren esanetan.

Udalberrik aurkeztutako 60 emendakinen artean, udal gobernuak bi zuzenketa onartu ditu. Udako udaleku hiritarretan jantoki zerbitzua 2-6 urte bitarteko umeei zabaltzeko 90.000€ eta Udalak Askabide elkartearekin duen lankidetza hitzarmena hobetzeko 10.000€ gehiago. 

Atzoko udalbatzan onartutako 2017rako aurrekontuak "ez diete hiritarren arazoei eta hiriko etorkizuneko erronkei irtenbidea emango", Carmen Munñoz zinegotziak adierazi duenez. Besteak beste, genero indarkeriaren prebentziora 10.000€ gutxiago bideratuko direlako eta kontziliazio eta ardura partekatua sustatzeko 5.000 euro gutxiago. "Bilbon indarkeria matxistak pertsona bat hil duenean, 40 eraso izan direnean eta 302 salaketa. Eta udal gobernuak partida horiek murriztea erabaki du". 

Goazen Bilbaok aurkeztutako 46 emendakinen artean hiru onartu ditu udal gobernuak. Gazten artean genero indarkeriaren prebentzioa sustatzeko (30.000€), pertsona errefuxiatuen laguntzarako (40.000€) eta animalien kontrol eta zaintza zerbitzurako (30.000€) aurrekontua handitzea, alegia. "Ezer baino hobea den arren", bere "atsekabea" agertu du Samir Ladhou zinegotziak. Udal gobernuaren aldetik "setsibilitate gehiago" espero zuen "hirian sustraitu diren desberdintasunak arintzeko, enpleguaren sorkuntzan ahalegin handiagoa eginez, periferiako auzoetako irisgarritasuna hobetzeko edota pobreziaren aurka borrokatzeko".