Azaroaren hasieran aurkeztu zuen Sortuk Zohardia ponentzia Donostian; eta azaroaren 26ra arteko epea izan dute militanteek ponentziak eta zuzendaritza ekipoa bozkatzeko. Pello Otxandianok URIOLAri azaldu bezala, Sortuk parte hartzearen balorazio ona egin du. Nabarmendu du ere "prozedura eta metodologia berria eta berritzailea" izan dela, lehen aldiz batzarrean bozkatzeaz gain, internet bidez ere bozkatzeko aukera egon baita. Horrez gain, lehen aldiz, parte hartu nahi izan duenak aurrez akreditatu egin behar izan du.
Sortu birfundazio prozesuan murgilduta dago. Horretarako Zohardia ponentziaren bidez parte-hartzean oinarritutako prozesu bat abiatu duzue. Ze ibilbide egin duzue gaur arte?
Birfundazio prozesuari uztailaren 2ko Asanblada Nazionalarekin eman genion hasiera. Sortu Kongresura arte gidatzeko trantsiziozko zuzendaritza ekipoa eta Kongresu-prozesuaren araudia onartu genituen bertan. Hauteskunde autonomikoen ondoren 34 kidez osatutako ponentzia lantaldeak idatzi duen Zohardia ponentzia egin zen publiko eta ponentzia alternatiboak eta zuzendaritza ekipoak (nazio mailakoak zein herrialdeetakoak) aurkezteko epea ireki zen. Ez da ponentzia alternatiborik aurkeztu eta zuzendaritza ekipo bakarrak aurkeztu dira. Azaroaren 26an bukatu zen ponentziak eta zuzendaritza ekipoak bozkatzeko epea. Babes handiarekin onartu dira bata zein besteak.
Birfundazio prozesuaren beharra ikusi duzue. Zerk eraman zaituztete neurri hau hartzera?
Abian eztabaida prozesuan ezker abertzalearen autotxekeo bat egin zen. Azken bost urteetako ibilbidea oso modu kritikoan aztertu zen eta elementu goraipagarriez gain, zuzendu beharreko beste hainbat identifikatu ziren. Besteak beste, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herriaz geroztik egin ez zen iraultza bat pendiente zuela detektatu zen antolakuntza, militantzia eredu eta zuzendaritza moldeei zegokienez. Eta horrek ezker abertzalea proiektu gisa eta mugimendu gisa birfundatzea eskatzen zuela. Sorturi dagokio ariketa horren lehen partea egitea.
Nolakoa izan da parte-hartzea eta bozken emaitza?
Ponentzia zein zuzendaritza ekipoak aurrera atera dira babes maila handiarekin (%85etik gora). 4.588 lagunek eman dute bozka, akreditatuen %71 inguruk. Datu onak direla deritzogu prozesu mota hau gure kultura politikoan berria dela kontutan izanik. Akreditatu kopurua eten gabe ari da hazten. Kongresu egunerarte akreditatzeko aukera zabalik egongo da.
Akreditazioari garrantzia berezia ematen diogu prozesu honetan. Sortu berrian barne demokraziarako prozedurak arautuko dira, erabakiak albait demokratikoen hartzeko, militante bat bozka bat printzipioa oinarri. Horretarako funtsezkoa da zentso bat eratzea, hau da, argi izatea erabakiak nortzuk hartzen ditugun eta nortzuk binkulatzen garen erabaki horietara.
Aldaketa bilatzen duzue alderdiaren baitan, baina orain arteko aurpegi ezagun asko mantendu dituzue. Besteak beste, Arnaldo Otegi bozeramailea da EH Bildun eta Sortun ere.
Trantsiziozko ekipoan egon garen kide asko gaude ekipo berrian, bai, baina kontutan izan behar da berrikuntza orduan eman zela, ordurarte Kontseilu Nazionalean egon zen inor ez baitago trantsiziozko ekipoan. Arnaldo Otegik izango dituen funtzioei dagokienez, Sortun barrura begirako lana egingo du eta ez da Sorturen bozeramaile izango.
Birfundazio prozesuaren baitan aldaketak eman dira gatazkaren konponbidean? Zein izango da presoak etxeratzeko plangintza zehatza?
Gatazkaren konponbidearen lerroa Abianen definitu zuen ezker abertzaleak. Sorturen birfundazio prozesuak ez du zentzu horretan definizio maila handiagorik eman. Abianen definitu zenaren garapenak egokitzapenak eta garapen bideak eskatzen ditu, datozen hilabeteetan ikusiko direnak.
Sorturi dagokionez, Zohardian bi konpromiso hartzen ditu Sortuk: presoei, errefuxiatuei eta deportatuei sustengu politikoa ematea (tartean beraien askatasunaren aldeko aldarriak kaleratzea) eta babes humanoa bermatzea.
Estatu konfederala proposatzen duzue. Estatu baten egoera trantsizionala litzateke hori ez da berez estatu baten funtzionamendurako zera. Nola gauzatuko da estatu konfederal hori?
EAEk, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak, bakoitzak bere bide propioa egin behar duela deritzogu, burujabetza prozesu propioak. Aldi berean, herri agenda baten bidez euskal lurraldeen arteko harreman sozial, ekonomiko, kultural eta instituzionalak garatzen joan beharko gara biharko egun baten zain egon gabe. Metaforikoki Euskal Herri konfederala hiru nasako tren geltokia dela deritzogu, hiru tren zein bere bidetik eta abiadura propioz datozenak jasotzeko prest egon behar dena.
Zer izan da orain arte Sortuko militante izatea eta zer suposatuko du gaurtik aurrera?
Sortu eraikuntza prozesu baten egon den tresna politikoa izan da orain arte, bukatu gabeko produktu bat. Birfundazio prozesuarekin paradigma berri baten kokatzen da antolakuntza moldeei eta militantzia ereduei dagokionez. Hemendik aurrera Sortuko militante izateak sortzaile izatea esan nahiko du, herrigintzaren espresio ezberdinetan aritzea ezker abertzaleren proiektu politikoaren eraikuntzan eta fase politiko honen helburuen mesedetan. Euskal Errepublikaren aldeko herrigintza lanean buru-belarri dabilen komunitatearen (ezker abertzalearen, alegia) tresna politiko-organizatiboa izango da Sortu, ezker abertzalearen indarrak askatzeko bitarteko bat.
Etorkizunari begira jartzean, nola ikusten duzue zuen eta Euskal Herria beraren errealitatea.
Euskal Herrian aukera paregabeak izango dira datozen urteetan burujabetzan aurrera urrats determinanteak emateko. Gertakari historikoak datoz gure herrira eta ezker abertzaleak prest egon behar du maila emateko. Horretarako egin beharreko moldaketak egin behar ditugu eta garai berriek eskatzen dituzten tresnak antolatu. Azken 30 urteetan imaginatuko ez genituzkeen baldintzak daude herri honetan burujabetza prozesu herritar bat antolatzeko. Ezin dugu hutsik egin.