1,5 milioi eurotik gora inbertitu ditu Udalak kiroladegiak berritzeko 2016ko ekitaldian

uriola.eus 2016ko abe. 12a, 09:00

Bilboko Udalak kirola eta instalazioen kudeaketa eraginkorra sustatzen jarraitzen du, udal kiroldegiak, ekipamenduak eta kirol-zerbitzuak etengabe berritzen eta hobetzen.

Horrela, bada, milioi eta erdi baino gehiago inbertitu ditu 2016ko ekitaldi honetan hiriko udal kiroldegiak berritzeko eta hobetzeko lanetan. Hori guztia Bilbao Kirolak erakundearen bidez egin du, beti ere herritarren kirol-praktika bultzatzeko.

Hauek izan dira egokitze- eta hobekuntza-lanak:

1. Deustuko Etxezuriko futbol-zelaiko soropil artifiziala kentzea:

Jokalekuak ia 7.000 m2 dauzka, eta ondoan entrenatzeko eta berotzeko gunea dago, 200 m2koa. Biak egin ziren 2006an. 2016ko ekainean, soropil artifiziala kendu zen eta beste bat ipini zen, belar artifiziala eta hareazko eta kautxuzko pikorren betegarria erabiltzen duen teknika batekin. Era berean, jokalekua markatu zen eta perimetroko hormak hobetu ziren, euste-horma optimizatuz eta gainerako hormak pintatuz. Guztira, 186.952,07 euro inbertitu ziren.

2. Errekaldeko Udal Kiroldegiko tenis-pista hobetzea:

Uztailean, Errekaldeko Udal Kiroldegiko teniseko lau kantxetako zorua eta 3. eta 4. pistetako estalkia berritu zen. Gero, squasheko kantxa nagusiko hormak eta jokalekuko zorua berritu ziren, instalazioetan erosotasun handiagoa sortuz. Obretarako 168.248,21 euroko aurrekontua izan zen.

3. Erosotasuneko eta segurtasuneko instalazioak modernizatzeko lanak zenbait zentrotako aldageletan:

2016an zenbait lan egin dira udal kiroldegietako instalazioak modernizatzeko. Horien artean nabarmentzen dira Miribillako Kiroldegia (dutxetako uraren instalazioa eta sarrera nagusiko berogailua hobetu dira) eta Casillako Kiroldegia (klimatizazioa jarri da gimnasioetan). Guztira, 48.034,77 euro inbertitu dira lan horietan.

4. Hobekuntzak Txurdinagako Kiroldegiko instalazioetan:

Nagusiki, lanak igerileku estalietan egin dira. Egitura metalikoa konpondu eta pintatu da, denborarekin hondatuta egon baita; horrela herdoilaren aurkako babes handiagoa dauka. Ume txikiek erabiltzen duten igerilekuko giroko egoera hobetu da, beirazko itxitura bat egin da eta berotzeko sistemak indartu dira. Era berean, squash pista bietako hormak eta zoruak konpontzeko lan handiak egin dira. Guztira, 221.285,57 euro inbertitu dira.

5. Lanak Abusuko Kiroldegian:

Lanak espazio bitan egin dira, batez ere: igerileku estaliko ataria konpondu da, sabai faltsu berria eginez eta leihoak barrutik estaliz; eta Kiroldegiaren ondoan dagoen frontoiko alboko itxitura bukatu da, ikusleen gunea estaliz. Hobekuntza biak egiteko 134.000 euro inbertitu dira.

6. Pertsonak zenbateko eta lekua kontrolatzeko sistema instalatzea kanpoko igerilekuetan:

Erabiltzaileen erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko, Errekalde, Artxanda eta Txurdinagako kiroldegietan pertsonak kontatzeko sistema bat jarri da eguzkia hartzeko gunearen okupazioa eta bainulariak kontrolatzeko, bertako edukiera kontrolatu ahal izateko. Hobekuntza horretan 47.805 euro gastatu dira.

7. Kanpoko kable-sarea jartzea:

Bilboko Udalak kanpoko kable-sare bat jarri du Artxanda, Errekalde edo Txurdinagako Kiroldegietako kanpoko instalazioetan komunikazioko edozein sistemaren oinarri izateko, etorkizunean halakorik behar izanez gero, adibidez Wi-Fi konexioa edo segurtasun-sistemak, eta abar. Instalazio horretan 43.745, 92 euro inbertitu dira.

8. Hobekuntzak Artxandako Kiroldegiak:

Artxandako instalazioetako hobekuntza-lanetan igerilekuko eta kirol anitzeko pabiloiko estalkia iragazgaiztu da, oraingo estalkia bota behar izan barik; asfalto urtuzko zorua instalatu da, eta gaur egungo tenis-pista biak kendu eta tenis-pista bat eta padeleko pista bi egin dira.

Era berean, lanak egin dira fatxadak (hondatutako plaketak konpontzeko), kanpoko igerilekuetara joateko bide berri bat egingo da (ebakuazio-bidetzat ere erabili ahal izango dena), egiturazko elementuak berritu dira, igerilekuko sabai faltsua kendu eta berria jarri da, eta mantentze-lan batzuk egin dira. Egin beharreko lanak ugariak zirenez gero, Artxandako Kiroldegia hobetzeko lanetan egin da inbertsiorik handiena, 668.866,92 eurorekin.

9. San Ignazioko Kiroldegiko padel-pistako alboa estaltzea:

Udal kiroldegiak hobetzeko eta berritzeko azken lana da olanazko itxitura arin bat jartzea San Ignazioko Kiroldegiko padel-pistetan, euritik babesteko. Lan horrek 17.974, 96 euroko aurrekontua dauka.