Siriako gerraren aurkako nazioarteko deiarekin bat egin dute Bilbon

uriola.eus 2016ko abe. 13a, 10:30

Argazkiak: Ecuador Etxea

Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak deituta hainbat lagun batu dira Plaza Biribilean, zapi horiak eskutan, Siriako gerraren amaiera eskatzeko eta Europaren jarrera salatzeko. 

"Gerrarik ez" oihua ozen entzun zitekeen atzo arratsaldean Bilbon, Estatuko beste dozena bat hiritan bezalaxe. Siriako gerraren amaiera eskatu zuten hamaika lagunek. Izan ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformaren arabea, II. Mundu Gerratik "giza hondamendi handienetakoa" eragin du Sirian gerrak. Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) eta hainbat norbanakok gogor kritikatu dute "ez soilik Europaren laguntza eskasa, baita pertsonen itzulketak lur eta itsaso mugetan, asiloa emateko prozesuen geldotasuna eta harrera egiteko baldintza desegokiak ere". 

"Lotsa" agertu zuten plataformako kideek, "harresi" bihurtu den Europarekiko lotsa, besteak beste, "bere burua hesitu duelako" eta "giza eskubideen nazioarteko legeria urratu duelako". Espainia bezalako potentziek "armak saltzen dituzte, eta Siriako hileketen konplize dira", adierazi dute.

Beharrezko jotzen dute "presio egitea" elkarrizketaren bitartez gerrari irtenbidea emateko Sirian, benetako su-etenetik hasita, eta bizitokia utzi duen biztanlegoaren itzulerari eta lurraldearen berraikitzeari hasiera emateko.

Bestetik, "jarrera eta neurri xenofoboak justifikatzeko" Siriako gatazkaren erabilpean gaitzetsi dute. Era berean, pertsona errefuxiatuekiko Espainiako eta EBeko politiketan "funtsezko aldaketa" eskatu dute: "Nahitaezkoa da asilo politikak aldatzea, errefuxiatuei harrera egiteko politikak aldatzea eta itsasoko erreskaterako politikak aldatzea". Horretarako "bide ziurrak eta legezkoak ezarri behar dira asilo eskatzaileentzat, bizitza eskubidea eta gizakien duintasuna bermatzeko joan-etorri behartuetako etapa desberdinetan". 

Siriako gerra ez ezik Irak, Yemen, Hego Sudan eta Nigeriako gerrak ere gaitzetsi zituzten atzokoan. 

bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info