Azken bost urteetan, Aieteko prozesua martxan jarri zenetik, preso politikoen egoerak aurrera egin ordez, "atzera egin duela" uste dute Kalera Kalera ekimeneko partaideek. Bost urte hauetan Estatuen aldetik "blokeoa eta inmobilismoa" nagusi izan direla adierazi du Julen Larrinaga Kalera Kalerako bozeramaileak. "Mendekuan eta xantaia hutsean oinarritutako espetxe politika ezartzen duen Estatua, Estatu faxista da".
Adibidetzat jarri ditu gaixotasun larriak pairatzen dituzten preso politikoen zerrenda txikiagotu ordez handiagotu izana. Bizkaian lau preso politiko daude egoera horretan: Ibon Iparragirre (Ondarroa), Txus Martin (Basauri), Gorka Fraile (Durango) eta Joseba Borde (Ugao). "Behar bezalako tratamendu medikoa jasotzeko askatasun eskaerak behin eta berriro ukatzen ari zaizkie lau preso hauei".
Bestalde, Arantza Zulueta eta Harriet Iragi, biak Bilboko lagunak, "isolamendu muturreko egoeran aurkitzen dira aspaldidanik. Harriet Iragi, 16 urte isolamendu ziegetan; Arantza Zulueta, hiru urte".
Kartzelak hustutzeko jauzi kualitatiboa
Gatazkaren ondorioak "fase erabakitzailean behingoz jartzea erabat premiazkoa" dela jotzen dute. Kartzelak hustutzeko "jauzi kualitatiboa emateko garaia heldu dela" deiote, eta horrela zabaldu eta planteatu nahi dute euskal gizartearen baitan, prozesu "masiboa" izan dadin; "Norabide horretan eta urrats gisa, iheslari guztien itzulera zein euskal preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzeko herri dinamika da Kalera Kalera ekimena. Euskal preso politiko guztiak kalera, orain eta anbiguotasunik gabe aldarrikatzeko dinamika".
Mobilizazioak
Kartzelak "behingoz hustutzeko" aldarrikapenari ekingo diote gaur eta bihar Kalera Kalerako kideek. Hori dela eta, bilbotarrei antolatu diren mobilizazio ekimenetan parte hartzeko deialdia egiten diete. "Bereziki" gaur, abenduak 16, Bilbon, Arriaga Plazan, 19:00etan hasiko den ekitaldian.
Hurrengo egunean, abenduak 17, Basauriko espetxerako martxa antolatu dute bi zutabetan banatuta. Zutabe bat, Ugaotik irtengo da 10:00etan eta bestea Galdakaotik 10:30ean, espetxearen aurrean konzentrazioa 12:30ean egiteko. Ekitaldi politikoa Basauriko Benta plazan izango da 13:30ean.