2017an Bilbao Kirolak erakundeak abonu bereziak aterako ditu

uriola.eus 2016ko abe. 19a, 11:05

Udalak kirol praktika sustatzen jarraitzen du, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzearen ikuspuntutik, adin eta baldintza fisiko guztietako jendearentzat.

Bilbao Kirolak erakundearen eskaintzan 79 kirol daude, hasi gehien praktikatzen diren kiroletatik, hala nola, futbola edo saskibaloia, eta igerilekuan, gimnasioan eta kanpoan egiteko kirol-diziplinarik berrienetaraino. Datorren urtean, eskaintza berri eta merkeagoak egongo dira: Gehiago txartela duten erabiltzaileentzat; 65 urtetik gorako pertsonentzat eta Fitness ikastaroren bat egiten dutenentzat.

Udalaren helburua jende guztiarengana heltzea da. Horretarako umeentzako, adinekoentzako, haurdun dauden emakumeentzako, dibertsitate funtzionala dutenentzako jarduerak antolatzen ditu. Hain zuzen, 60 ikastaro gela edo pistakoak, 11 uretakoak eta 12 kirol egokitukoak, maila ezberdinetakoak. Horiek egiteko abonu edo txartel-mota ezberdinak erabil daitezke.

Abonu eta txartel motak

Abonatuek abonu indibiduala edo familiena (interesduna, ezkontidea eta seme-alabak) erabil dezakete. Aukera bietan mota hauek daude:

• 1. mota: edonoiz erabiltzekoa.

• 2. mota: % 10 merkeago, igerilekua soilik erabiltzeko delako.

• 3. mota: % 35 merkeago, 14:00ak arte soilik erabil daitekeelako.

• Gehiago txartela: trinkotasun handiagoz kirola egin nahi dutenentzat. 2017an hobari bereziak egongo dira.

• Junior txartela: 18 eta 30 urte bitartekoentzat.

• Gimnasio pribatuen txartela.

Gainera, Talde Ireki izeneko inskripzio-modalitatea dago, Bilbao Kirolak erakundearen ikastaro batera joateko, abonatua izan zein ez.

2017an eskaintza berriak eta hobari motak

Gaur egun Bilboko biztanleen % 24 (lau pertsonatik bat) Bilbao Kirolaken abonatuta daude. Guztira, 81.559 pertsona. 2017an Bilbao Kirolak erakundeak bere kirol eskaintza ezagutzera ematen eta jarduera fisikoa sustatzen jarraitu nahi du. Horretarako hobari hauek ezarriko ditu:

Gehiago txartela:

Trinkotasun handiz kirola egin nahi duten pertsonentzat. Txartel honek bere-bereak diren berezitasunak ditu: Fitness geletara nahi denean sartzeko aukera eta instalazioak erreserbatzeko aukera, hilean behin ordaintzeko modalitatea, ikastaroetan % 50eko deskontua. Datorren urtean Bilbao Kirolakek Talde Ireki modalitatean doako sarrera, mugarik gabe. Nolabaiteko progresio-maila eskatzen ez duten jarduerak, denboraldi guztian, lantzean behin egitea ahalbidetzen du horrek; esate baterako, fitness, spin bike, indoor walking, aerobika, yoga edo eskalada.

Adinekoentzako abonua:

65 urtetik gorakoak Bilbon biztanleen % 23,61dira. Horientzat egunerokotasunean ariketa osasuntsuari leku egitea eta sedentarismoa baztertzea oso garrantzitsua da. 21.000 uriko adinekoen talde edo etxeren batean daude eta horientzat Bilbao Kirolak erakundeak % 40ko hobaria eskaintzen du. 3. motako txartelean inskripzioa egiten duten lehenengo urtean. Abonu indibiduala zein familiena izan daiteke eta mota horretako txartelaz 14:00ak arte baino ezin dituzte erabili instalazioak. Bilbao Kirolak erakundeak Bizitza Aktiboa ikastaroetara izena ematea erraztuko die. Adin horietakoentzat dira eta kiroldegi batzuetan burutzen dira. Doan joan litezke saioren batera jarduera zertan den bertatik bertara ikusteko.

Fitness - Talde Irekia hobaria:

Fitness da pertsona gehien (2670) inskribatuta duen jarduera. Horretan inskripzioa eginez gero, Bilbao Kirolak erakundearen kiroldegi guztietako fitness geletara sar daiteke ordutegi osoan doan. Jarduera honetako ikastaroak egiten dituztenei haien ahalegina saritzeko, Bilbao Kirolak erakundeak hilean doako 4 saio eskainiko dizkie Talde Ireki modalitateko jarduerak egin ahal izateko. Besteak beste, spin bike, indoor walking, aerobika, yoga eta eskalada daude modalitate horretan.

Informazio gehiago: www.bilbaokirolak.eus