ELA eta LABeko idazkari nagusiek –Adolfo Muñoz Txiki eta Ainhoa Etxaidek– abenduaren 16an Luhusun izandako polizia operazioaren inguruko adierazpena irakurri dute Bilbon. Ekitaldian EAJko eta EH-Bilduko arduradun nagusiak ere izan dira, Andoni Ortuzar eta Arnaldo Otegi.
Agerraldian "poza" agertu dute aske utzi dituztelako atxilotu zituzten pertsonak: Txetx Etcheverry, Michel Berhocoirigoin, Béatrice Molle-Haran, Michel Bergougnan eta Stéphane Etchegaray. Halaber, "oso positibotzat" deritzote "ehundaka hautetsi eta kargu instituzionalek adierazi duten konpromisoari, baita izan den mobilizazio sozialari ere; hori izan da zati handi batean gertatu denaren arrazoia". Joera politiko guztietako Iparraldeko hautetsi "asko eta askok" egin duten bezalaxe, espainiar eta frantses gobernuei eskatu diete "beren ardura aintzat har dezatela eta lagun dezatela armagabetze ordenatu, kontrolatu, seguru eta gardena izan dadin, antzeko kasuetan aplikatu ohi diren nazioarteko estandarren arabera".
Euren aburuz eginkizun honetan beharrezkoak dira "egiaztatzeko tresna independenteak", esaterako Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, "zeinak gure erakunde, alderdi eta euskal jendarteko antolakunde errepresentatiboek aitorpena duen".
Halaber, adierazi dute "Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, segurtasun arloan dituzten eskumenak medio, nahiko genuke lagungarri izatea armagabetze hori arrakastaz gara dadin. Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek, baita Iparraldean eratuko den Lurralde-Elkargoak, prozesu horren jarraipena egiteko aukera izan behar dute".
Ziur daude armagabetzea arrakastaz burutzeko "berebiziko bultzada izan daitekeela erakunde errepresentatiboen, egiaztatze instantzien eta jendarte zibileko antolakundeen arteko artikulazio egokia".
Adierazpenak honako alderdi eta eragileren babesa izan du: Podemos Navarra, Geroa Bai, ESK, STEE-EILAS, Etxalde, Anticapitalistas Euskadi eta Podemos Donostia.