Bilboko kaleak zeharkatuko ditu bihar San Silvestre lasterketak

uriola.eus 2016ko abe. 30a, 09:49

Jende ugarik eman du izena online biharko, abenduaren 31ko San Silvestre lasterketan parte hartzeko. "Martxa honetan", Korrikazaleak Kirol Elkarteko kideen esanetan, "karrera egunean ez da egongo aurrez aurre izena emateko aukerarik". 

Aurtengoan, helmugako gunean DJak izango dira giroa berotzen eta, zortzi kilometro egin ostean, dantzarako aukera izango dute korrikalariek "indarrik baldin badute". 

sansilvestrebilbao.com

 

Bilbo-Errekalde San Silvestre lasterketak hiri barruko ibilbidea du, 7.910 metrokoa. Bilbon eta Bizkaian jarraitzailerik gehien duten herri-lasterketetakoa da. 

Aurreko edizioetan bezala, formatu bi egongo dira: goizean San Silvestre Txiki izango da 4 eta 15 urte bitartekoentzat. 16:30ean, aldiz, Guggenheim Museoko zabaldegian 2016ko Bilbo-Errekalde San Silvestre lasterketari emango zaio hasiera. 

San Silvestre Txiki 

Errekaldeko auzoan San Silvestre Txikia izango da 10:45etik 13:00etara. Proba 4 eta 15 urte bitartekoentzat da. Izen ematea doakoa da eta abenduaren 26ra arte egin ahal izango da www.txikis.sansilvestrebilbao.com web-orrian. Abenduaren 28an, 29an eta 30ean, 17:00etatik 20:30era arte, eta abenduaren 31n lasterketa hasi baino 15 minutu lehenagora arte dortsalak jasotzeko aukera egongo da, Errekalde plazako Gabriel Aresti HLHI-ko gimnasioan.

Aurreko edizioetan bezala, zenbakiak jasoko diren egunetan eta kirol proba egin bitartean eskolarako materiala batuko da, Solidaridad con América Latina GKEren laguntzarekin.

2.500 lasterkari inguru

Beste alde batetik, 2016ko Bilbao-Errekalde San Silvestre lasterketari ekingo zaio 16:30ean, Guggeheim museoko zabaldegian hasi eta Errekaldeko Plazan amaitzeko. Lasterketan 2500 lasterkaritik gora egotea dago aurreikusita.

Izena emateko epea abenduaren 26rarte egongo da zabalik, gaueko 23:59ak arte, www.salsilvestrebilbao.com web-orrian. Izen-emateak 9 euroko prezioa izango du. Banatu gabe dortsalak egonez gero, izena emateko epea abenduaren 28, 29 eta 30era arte luzatuko da. Inskripzioa egiteko Gabriel Aresti HLHIko gimnasiora (Errekalde plaza 3) joan beharko da, 17:00etatik 20:30era bitartean. Kasu honetan 15 euro ordaindu beharko da dortsala jasotzeko.

 Ibilbidea

Guggenheim Museoaren zabaldegia ► Evaristo Churruca kaia ► Abandoibarra etorbidea ► Casilda Iturrizar parkea ► Eduardo Victoria de Lecea pasealekua ► Jesusen Bihotza ► Kale Nagusia ► Areiltza Doktorea ► Egia Jenerala ► Manuel Allende ► Autonomia ► Enrique Eguren ► Ametzola plaza ► Dolores Ibarruri ► Santiago Brouard ► Trenbideko etorbidea ► Pablo Alzola ► Urkiola kalea ► Camilo Villabaso ►Leon de Uruñuela ► Gordoniz ► Errekaldeko plaza.

Gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan sailkatutako lehenenego hirurek garaikur eta opari bana izango dituzte. Parte-hartzaileei poltsa bat emango zaie eta horren barruan lasterketaren oroigarria izango den elastiko tekniko bat eta anoa. Gainera, Gabriel Aresti HLHIko gimnasioan aldagelak egongo dira eta lasterkariek ekipajeak jasotzeko eta helmugara eramateko zerbitzu bat erabili ahalko dute. Mozorrotuta korrika egiten dutenen artean mozorrorik onenarentzako sari bat emango da: lagun birentzako afaria.