El Aaiun hiriaren baitan Gdeim Izik izeneko kanpalekua, Duintasunaren kanpaleku moduan ere ezaguna, saharar erresistentziaren gune izan da. Sahararren eskubideen defentsan bat egin zuten herritarrek Gdeim Iziken agintari marokiarren aurrean.
2010eko azaroan indar okupatzaileek kanpalekua deusestu zuten, eta Saharako gizarte eta politikako 25 ordezkari atxilotu zituzten. Epaiketa militarra izan zuten 25ek. Epaiketaren berme falta eta atxilotuei eginiko torturak salatu ziren orduan. Nazioartetik iritsi zen presioari esker, auzia bertan behera geratu zen.
Gaur eta hurrengo bi egunetan 2010eko 25 akusatuak berriro ere epaituak izango dira. Oraingoan auzitegi zibil batek epaituko ditu. Hori dela eta, ELA, ESK, LAB, STEILAS, Sahararen aldeko Euskal Herriko Elkarteak eta Saharar Inmigranteen Euskal Herriko Elkarteak deituta, hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Marokoko kontsulatuaren aurrean (Rekalde zumarkalea 27) "epaiketa politikorik ez" aldarrikatzeko eta "stop errepresioa Saharan" exijitzeko.
Ezker Batuak gogor kritikatu du epaiketa. Saharar herriaren aurkako "eraso zuzena" dela adierazi du, eta Espainiako gobernuari zuzenduz "saharar herriaren egoeran duen ardura bere gain hartzeko" exijitu du.
Argazkia: LAB Nazioartea