Athletic

"Yeray, zurekin gaude"

uriola.eus 2016ko abe. 27a, 13:00

Argazkia: Peña Deusto ‏@penadeusto

Lagun ugari bildu ziren atzo arratsaldez San Mames zelaiaren aurrealdean gaur ebakuntza egin dioten Athleticeko Yeray Alvarez jokalaria babesteko. Ebakuntza "inolako gorabeherarik gabe" burutu dela jakinarazi du Athleticek. 

Bederatzi peñetako kideak izan ziren "Yeray, zurekin gaude" mezua zabaldu zutenak San Mameseko zabalgunean. Elkarretaratzeak jokalariari babesa eta animoa emateko helburua zuen, "Yeray lehenbailehen senda dadin". 

Yeray jokalariari tumore bat topatu diote eskuineko barrabilean, eta gaur egin diote ebakuntza Gurutzetako Ospitalean. Hain zuzen ere, orkiektomia bat egin diote; mindutako testikulua kendu diote. Athleticeko zerbitzu medikuak jakitera eman duenez, ebakuntza "inolako gorabeherarik gabe burutu da". Jokalaria 24 orduz erietxean egongo da eta, bilakaeraren arabera, abenduaren 28an, goizez, sendagilearen agiria emango diote.

Antzeko gaitza izan duten beste pertsona batzuen esperientzia kontutan hartuta, Gurutzetako Ospitaleko medikuak "neurrian, baikor" agertu dira.